GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

TXIRRINDULARITZA | Erlojuaren aurkako proba

Fabian Cancellarak xanpainaz ospatuko du urrezko domina

Suitzarraren atzetik Larsson eta Leipheimer sailkatu ziren. Armstrong izan zen garaile emakumezkoetan, eta 49 urteko Jeannie Longok laugarren amaitu zuen.

pj07_f01_097x140.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Harrigarria da kirolariek beren burua motibatzeko aurkitzen duten inspirazio iturria. Erlojuaren aurkako proban urrezko domina eskuratu ostean, Fabian Cancellara suitzarrak «Txinako harresi erraldoiak» motibatu zuela aitortu zuen. CSC taldeko txirrindulariak aurtengo helburu nagusietako bat bete zuen atzo, eta larunbateko brontzezko dominari urrezkoa gaineratu zion. Hala, Beijingen erdietsitako arrakasta «xanpainaz» ospatuko zuela ere aurreratu zuen Cancellarak.

«Hainbeste lanen ostean eraikitako monumentu honetara inor baino gehiago hurbildu naiz, harresi honek inspiratu egiten baininduen. Lasterketan brontzezko domina lortu nuen eta orain urrezkoa. Zer gehiago eska nezake?»

Suitzarraren atzetik Gustav Larsson suediarrak eta Estatu Batuetako Levi Leipheimerrek osatu zuten podiuma, Contador, Evans eta Samuel Sanchezen aurretik sailkatu ondoren.

Bi emakume protagonista

Emakumeen probak, bestalde, bi protagonista izan zituen. Batetik, Kristin Armstrong estatubatuarra, urrezko domina berak lortu baitzuen. Bestetik, berriz, 49 urteko Jeannie Longo, segundo bakar bategatik podiumetik at geratu baitzen.

Armstrongek, 2006ko erlojuaren aurkako munduko txapelketa irabazi zuenak, ezin hobeto ospatu du aurten bere 25. urtebetetzea. 29 segundo atera zizkion bigarren amaitu zuen Britainia Handiko Emma Pooley-ri, eta 59 Suizako Karin Thurig-i. Aldiz, tropeleko «amonak» Thurig-ek baino segundo bat gehiago behar izan zuen eta, beraz, ezin izan zion bere curriculumari bosgarren domina olinpikorik gehitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo