Jendarme eskola baten aurkako atentatuak 43 herritar hil ditu Aljerian
Ekintzaile kamikaze batek bere autoa leherrarazi zuen atzo Issers hirian, Aljeriaren ekialdean. Zehazki, erasoa jendarmeen eskola baten aurrean zain zeuden hautagai gazteen aurka egin zuten, eta gutxienez 43 hildako eta 38 zauritu eragin ditu herritar eta hautagaien artean.
GARA |
Jendarmeriaren eskola baten aurkako atentatuak gutxienez 43 hildako eta 38 zauritu eragin zituen atzo Issers hirian. Eraso hori azken zortzi hiletan Aljeriak jasan duen atentaturik larriena da, eta bertako agintariek ohartarazi zutenez, hildakoen kopuruak gora egin lezake.
Goizean, 7:30ean, egin zuen eztanda ekintzaile suizida batek gidatutako auto beltzak, lekukoek azaldu dutenez. Ustez, autoan lehergailuak zeramatzan atentatuaren egileak, eta bera ere bertan hil zen leherketaren eraginez. Autoa Isserseko jendarmeen eskolaren aurrean utzi zuen erasotzaileak, momentu horretan eskolara sartzeko hautagai unibertsitarioak eraikinaren kanpoaldean zeudela.
Bonbak eskola bera eta gertuko eraikinak erabat eraitsi zituen. «Gertuko etxe eta denda ugari guztiz eraitsi dira eta leherketaren lekua krater handi bat bihurtu da», azaldu zuten lekukoek. Poliziak ezin izan zuen kamikazeak erabilitako autoa berreskuratu, eta oraingoz inongo talde armatuk ez du erasoa bere gain hartu.
Autobus bat ere harrapatua
Leherketak ikuspegi gordina utzi zuen eskolaren aurrean. Hildakoen gorpu zatiak lurretik barreiatu ziren eta zaurituak korrika eta oihuka ibili ziren laguntza eske. Gainera, bonbak eztanda egin zuen une berean autobus bat eskola aurretik pasatzen ari zen, eta bete-betean harrapatuz bidaiarien artean ere biktimak eragin zituen.
«Autobusa Oran hiritik zetorren. Leherketak harrapatu gintuenean, guztiok ikaratu ginen, eta autobusetik irteten saiatu ginen. Kalera irtetean gorpuen gainean nengoela konturatu nintzen», adierazi zuen bidaiari batek. «Sarraski handia izan da», gaineratu zuen.
Dozenaka gorpu errepidearen gainean gelditu ziren, poliziak eta anbulantzietako langileak «gorpu zatiak» poltsetan sartzen hasi ziren arte. Yazid Zerhouni Aljeriako Barne ministroak nabarmendu zuen atentatua «aljeriar guztien aurka» egindako erasoa izan dela.
Era berean, Europar Batasunak ere gogor gaitzetsi zuen atzoko leherketa eta Aljeriako Gobernuari «terrorismoaren aurkako borrokan» laguntzen jarraituko dutela azpimarratu zuten.
Azken hilabeteetan Aljeriak hainbat atentatu jasan baditu ere, atzoko ekintza izan da azken zortzi hileetan gertatu denik eta larriena.
Lekuko ugarik atzoko atentatua «sarraskia» izan zela azaldu zuten. «Hondamendia izan da gazteen aurkako hilketa hau egitea», adierazi zuen semea bertan galdu duen aita batek.