GARA > Idatzia > > Mundua

Kronika | Brasileko diktadura

Militarren eta Gobernuaren arteko liskarra, lulak ebatzia

Lula da Silva brasileko presidenteak bere Gobernuaren eta militarren arteko liskarrean bitartekaritza lanak egin behar izan ditu. Izan ere, 1964. eta 1985. urteen artean Brasilen militarrek ezarritako diktaduran hilketa ugari izan ziren, eta gobernu brasildarraren kide batzuek uste dute erantzuleek artean zigorrik ez dutela jaso. adierazpen horiek eztabaida eta ezinegona eragin dituzte militarren artean.

p018_01_148x104.jpg

Claire de OLIVEIRA

Liskarrari amaiera emateko eta bi aldeak adiskidetzeko asmoz, Lulak diktadurako hilketen inguruko adierazpenak egin ditu azken egunetan. «Urte horietan hil ziren ikasle eta langileak ezin ditugu diktaduraren biktima gisa hartu, heroitzat hartu behar ditugu», azaldu zuen presidente brasildarrak.

Bere ustez, «garrantzitsuagoa da biktimak uneoro gogoan izatea, militarrak zigortzea baino». 1979. urtean eraitsitako Ikasle Batasun nazionaleko eraikinari buruz ere adierazpenak egin zituen Lulak, eta bere berreraikuntza iragarri zuen, «Estatuaren akatsa izan zelako».

Guztiz kontrajarriak izan ziren ordea uztailaren 31n Tarso Genro Barne ministroak egindako adierazpenak. Bertan, politikari brasildarrak zalantzan jarri zuen 1979. urtean onartu zen «Amnistiaren Legea».

Haren bitartez, preso politiko eta iheslariek beren etxeetara itzultzeko aukera izan zuten eta horren truke, Estatuak ez zituen hilketak egin zituzten militarrak epaitu.

«Gobernuaren mendekua»

Tarso Genroren hitzek eztabaida bizia piztu zuten Brasilen, hain zuzen ere, lege hori berrikusteko eskatu zuelako. «Herritarrak torturatu zituzten militar zein poliziak epaituak izan behar dira», salatu zuen Munduko Gizarte Foroko antolatzaileetako bat ere badenak. Gogor gaitzetsi zuen torturaren erabilera, ez baita «bakarrik krimen politiko bat», eta erantzuleak epaitzea justiziari dagokiola nabarmendu zuen.

Militarrek gogor salatu zuten Barne ministroak esandakoa, beraien ustez, Genrok «soilik mendekua» bilatzen duelako. Horren harira, abuztuaren 7an 500 militar baino gehiagok Rio de Janeiroko egoitza batean indar erakustaldi bat egin zuten, bertara Carlos Alberto Ustra diktadurako koronela joan zela.

Biltzar horretan 1979. urteko lege hori zalantzan jarri izana salatu zuten. «Gaur egun oraindik bere ondorio positiboak jasotzen ari gara», nabarmendu zutenez. Era berean, oraingo Gobernuko hainbat kidek «terrorismoarekin lotura» izan zutela aditzera eman zuten.

Brasilen sortutako tirabira baretzeko asmoz, Lulak Barne ministroarekin bilera bat egin zuen, militarrekin liskarrik ez zuela nahi gogorarazteko. Horren ondoren, Genrok bere hitzak «gaizki ulertuak» izan zirela azaldu behar izan zuen hedabideen aurrean.

Tentsioak erabat apaltzeko, Auzitegi Goreneko presidenteak, Gilmar Mendesek, eztabaida behingoz bukatzeko eskatu zuen. Nelson Jobim Defentsa ministroak, bere aldetik, berretsi egin zuen lege hori ez dutela aldatuko, bere gobernukidearen asmoei aurre eginez.

Borrokalariak gobernuan

Gaur egungo Gobernu brasildarrean ez da geratzen diktadurako politikari edo militarrik. Are gehiago, egungo ministro ugari errepresioaren aurkako borrokan ibili ziren. Lula da Silva presidentea bera kartzelatuta izan zuten hilabete luze batez, langileen greben agintaria izan baitzen 1978an, Sao Paulon.

Militar eta Gobernuaren arteko liskar hau ez da gertaera isolatu bat. Orain dela urtebete militarrak Gobernuarekin haserre agertu ziren «Memoria eta egia izateko eskubidea» izeneko liburua kaleratu zuelako. Izan ere, bertan, diktadurako hainbat hilketetan Estatuak izandako erantzukizuna onartu zuen Gobernuak.

Ofizialki, 1964. eta 1985. urteen artean Brasilen ezarritako diktadurak 400 hildako eragin zituen. Gainera, beste 160 pertsonen gorpuak ezin izan zituzten inoiz aurkitu. Herritar askoren kasuak gaur egun oraindik argitu barik dauden arren, militarren hainbat dokumentuk sekretupean jarraitzen dute.

1964. urtean militarrek buruturiko kolpeak diktadurari hasiera eman zion, eta 1970eko hamarkadaren bukaeran demokraziara itzuli zen Brasil.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo