Pausokak «Go!azen» eta «Euskolegas» saioak ekoitzi ditu ETBrentzat
ETB kateak udazkenean eskainiko duen programazioan bi bitxikeria izango dira Pausokaren eskutik. Lehena, euskal kantuetan oinarritutako telebistarako film musikal bat dugu. Bigarrena, «Vaya Semanita» saiotik sortutako spin-offa, «Euskolegas» saioa hain zuzen ere.
GARA | GASTEIZ
Pausoka ekoizpen-etxeak gogor lan egin du udan honetan ETBk hurrengo denboraldian hainbat berrikuntza eskaini ahal izateko. Horien artean interes gehien piztu duena «Go!azen» telebistarako film musikala dugu. Jabi Elortegi eta Aitor Arangurenen zuzendaritzapean, uztailean eta abuztuaren hasieran filmatu zen eta, aurreikusitakoaren arabera, Gabonetan emango da. Abestiak eta dantza ildo nagusi hartuta, filmak apaizen barnetegi batean dauden hamasei urteko neska-mutil talde baten nondik norakoak azalduko ditu.
Beñat eta Iratiren arteko harremana izango da argumentuaren oinarria; tartean, ikasgelan eta barnetegiko arauetan aurkituko dituzten oztopoak ezagutuko ditugu. Horrez gain, Gorka, zuzendariaren haur mimatua, Iratiren atzetik ariko da eta, bere arreta lortzeko, Beñatekin amaitzeko edozer gauza egiteko prest izango da. Argumentua alde batera utzita, harridura gehien sortu duena filmean antzeztuko diren euskal abestiak dira. Horien artean, «Lau teilatu» eta «Aitormena» bezalako klasikoak egongo dira gaur egungo beste abesti arrakastatsu batzuekin batera, hala nola, Ken Zazpiren «Ilargia» edo The Uskitzen «Horrelako». Abesti nagusia, berriz, filmerako propio konposatutako «Goazen» izango da. Abesti guztiak beste estilo batzuetara moldatu dituzte eta telebistako saioko protagonistek grabatu dituzte. Guztira, hamaika tarte musikal daude.
Casting irekia antolatu zuten filmeko protagonista aukeratu ahal izateko; bertan, 200 lagunek hartu zuten parte. Azkenean aukeratu dituzten gazteak, besteak beste, Iñigo Azpiarte (Beñat), Barbara Rivas (Irati), Yerai Vazquez (Gorka), Yago Mateo (Landa) eta Inma Fernandez (Desiree) dira. «Goenkale» saioko Ainhoa Aierbe ibili da antzezleen zuzendari bezala eta Josu Mujikak koreografia landu du. Hala ere, gazte horiek ez dira bakarrik egongo eta eskarmentu handiko bi antzezleen konpainia izango dute. Hala, Ramon Agirre barnetegiko zuzendari zuhurraren paperean ariko da eta Mikel Losada Julen izango da, musikako irakasle gazte bat.
«Euskolegas»
Pausoka filmatzen ari den beste saioa «Euskolegas» da. Telebista saio berri horrek 45 minutu iraungo duten hamabi kapitulu izango ditu. Horietan, «Vaya Semanita» saioan ezagun egindako pertsonaiak egongo dira, beraien abenturek izandako arrakasta dela-eta saio propioa izatea lortu baitute.
«Euskolegas» egunero gerta daitezkeen egoeretan oinarrituta dago. Horrenbestez, ikusleek modu errazean antzeman ahal dituzten arazoak agertuko dira, hala nola, etxebizitza aurkitzeko zailtasunak, bikote arazoak edota heldu bihurtzeko bidean izandako krisiak. Telesaila ETBko bigarren katean emango da eta Alex eta Leireren ezkontzarekin hasiko da; hain zuzen ere, ikusleek luzaroan itxaron duten une batekin. Pasarte hori, ordea, ez da protagonistek nahi bezala irtengo; ez hori bakarrik, telesailaren ardatz izango diren egoera dibertigarriak sortuko ditu. Protagonistak Andoni Agirregomezkorta, Iker Galarza, Javier Anton, Laura de la Calle, Arantxa Aranguren, Veronica Moral, Nayra Navarro eta Ramon Barea izango dira.
«Go!azen» lanaren berrikuntza deigarriena filmaren barruan abestiak dantzatu eta abestuko direla da. Hala, «Aitormena» edo «Lau teilatu» bezalako klasikoak, saiorako propio konposatutako «Goazen» abestiarekin nahastuko dira.