Mikel Aramendi Kazetaria
Ze urrun dagoen Denver
Bagdaden Condoleezza Rice «kontraprogramatzeko» ahaleginak eta bi egiten ari den bitartean hasten da Coloradoko Denverren Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren Konbentzioa, Barack Obama lehendakaritzarako eta Joe Biden lehendakariordetzarako hautagai ofizial izendatuko dituena. Al Malikiren Gobernuarekin okupazio indarren behin-betirako erretiratze-geratzea hitzartzeko presak, noski, demokraten konfeti politikoak hedabideetan edukiko duen eragina sakabanatzea du helburu, lehenik, eta hamar egun barru ospakizun bertsuetan arituko den McCaini bidea erraztea bide batez, Irakeko nahaspilaren dossierra erabat indargabetuz azarora bitarteko kanpainarako.
Ez dakit zergatik arduratzen diren horrenbeste errepublikanoak. Barne eta kanpo politika zaharren akabera eta zerbait, auskalo zer, berriaren hazia zekarrela zirudien Obama «zuzendu» eta «zentzunera erakartzeko» operazioa erabat burutu dela esan liteke. Hauteskundeetarako ticketa osatzeko Joe Biden aukeratu izanak ezin argiago adierazten du hori: establishmentaren adar liberal moderatuko kide tipikoa da Biden, bai barne politikan nola kanpo arazoetan. Israelen babesle sutsua, Castroren etsai itsua, Irani era guztietako presioak egitearen aldekoa... eta, bere garaian, Afganistan eta Irakeko gerren aldeko boza eman zuena, gero, ondorioak ikusten hasitakoan, kritiko epel eta «arduratsuen» multzora pasatu bada ere.
Obamaren sahiets ahula omen zen kanpo politika sendotzeko adabaki hori aukeratu izanak argi erakusten du zer aldakuntza espero litekeen balizko garaipen demokratatik. Zero. Jarraipen hutsa. Errealitatearen joairaren atzetik (hau da, Israel edota Georgiako aliatu burugabeenen, edota USAko bertako lobby ilunenen esanera) jarraituko dute Estatu Batuek datozen urteetan, McCainekin nahiz Obama-Bidenekin.
Arazoa da errealitatea(k) azkarki mudatzen ari d(ir)ela munduko gune arriskutsu guztietan, ez bakarrik Kaukaso aldean. Pakistan-Afganistango auzia maldan behera doa kontrolik gabe gero eta ziztu biziagoan, Musharrafen dimisioaren ondorengo nahasmenak erakusten duenez. Irakekoari dagokionez, abagune polita litzateke Al Sadren miliziaren su-etenaren lehen urteurreneko hauxe herrialde hura noratz bideratzen ari den gogoeta sakon bat egiteko.
Baina munduko lekurik beroenetatik oso urrun geratzen da Denverreko uda amaiera freskoa.