GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gure libertateen alde

Gure eskubideak ez dituzte Afganistanen defenditzen, hau gezurra da. Gure libertateak, euskaldun gisa, lortu behar dugun euskal instituzioak babestuko ditu

Afganistanera igorritako frantses soldaduen Lurreko armadetako buruzagia Irastorza deitzen omen da. Carcassonnen frantses Armadak egin zuen erakustaldian gertatu ziren hilketen ondotik izendatu zuten Irastorza Lurreko Aramadako nagusi. Orduko arduraduna zen jeneralarentzat Sarkozyk izan zituen gutiespen hitzengatik honek, Cuche jeneralak, demisioa aurkeztu baitzuen. Irastorzak behar bezalako jatorrizko euskalduna, dudarik gabe. Ostiralean Kabuletik heldu ziren hamar zaurituen errezibitzeko ardura zuen, egin duten lanaren aitzinean Armada eta Estatuaren oniritzia azaltzeko.

Heldu zaigun lehen oharra da izena euskalduna duen goi mailako soldadu honek armada egokia hautatu duela, arma potenteen erabiltzeko eskubideen jabe, erailketarako baimena emateko eskubide osoa daukana, inongo arriskurik gabe. Noren alde egina den jakin gabe, biztanlegoak jasan behar duen gerlaren zuzentzeko izendatua. Dirudienez, jatorriz euskalduna, beste ainitz bezala jatorrizko herriaren alde ez da jarri, potenteen lerroetan kokatu eta jeneral izatera iritsi. Hau ez da terrorista deitzen diren euskaldun horietakoa, hau gerlari zintzoa gerla zuzen batean.

Gertatu behar zena hor baitugu. Hamar soldadu gazte bertan hil dira, gerlako borroka batean. Prentsak dio han, Afganistanen, gelditu diren soldaduak determinazio irmoa erakutsi dutela talibanekin izan den enfrentamenduaren ondotik, jarraituko dutela gure libertateen defenditzen. Egunero agertzen da berrietan Afganistanen familia osoak hiltzen direla aliatuen bortizkeriarengatik, bonbengatik, hegazkinengatik, eta hau zuzena dela, gure interesen babesteko egina dela onartu behar genuke. Enboskada bat izan omen da, Afganisango herritarrek ez dukete beren herria defenditu behar! Alta, urteak daramatzate kanpokoen presentziaren aurka borrokatzen, errusiarrak bota zituzten. Zer aldatu zaie? Logika berean jarraitzen dute. Talibanak demokratak direla? Ez, dudarik gabe, ez dira demokratak eta emazteen egoera Afaganistanen horren adierazle bada. Baina, nork eman behar du demokraziaren sor-marka? Europarren presentziak ez du demokrazia bilatzen. Europan desagertzen diren eskubideen aurrean, nola sines genezake Afganistango herritarrentzat eskubideen defentsan ari direla milaka soldadu europarrak?

Hamar urte beharko ote dira Frantziako tropak handik ateratzeko? Sarkozyk boterearen bakardadea aipatu zuen, ehorzketa nazionaletan familien aurrean. Kadiran eserita egon zen Sarkozy, errege moduan, azken agurrak ematera familiarrak hil kuxaren aurretik pasatzen zirelarik, presidentearen aitzinetik igaroz.

Gure eskubideak ez dituzte Afganistanen defenditzen, hau gezurra da, hemen desegiten baitituzte! Sartzearen bezperan udazkeneko lanaren prestatzeko garaia dugu, elkar lanean aritzeko. Gure libertateak, euskaldun gisa, lortu behar dugun euskal instituzioak babestuko ditu. Indarren biltzeko ahaleginetan berriz hasi, autonomiaren eskakizuna plazaratu, euskal herritarrei esplikatu eta horren aldeko inplikazioa sortu. Ez da programa makala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo