GARA > Idatzia > > Ekonomia

Espartinaren ekoizpenak «egonkor» izaten jarraitzen du Zuberoan

Espartingintza Zuberoako industria sektorearen «motorra» izan da urte luzaz. Egun, aldiz, ez du garai bateko «nagusitasuna» ekonomia zuberotarrean, eta, hala ere, oraindik sektorearen «oinarrizko jardueretarik bat» dela aitortzen dute ekoizleek. Lantegi batzuk itxi dituzten arren, Europara egindako esportazioek eta moda berrietara egokitzen jakiteak jarduera tradizional hau egonkortzea lortu dute.

Xabi HERNANDEZ |

Denborak norbera dagokion tokian ezartzen duela dio esaera zaharrak; egia omen, baina, argi dena, denboraren joanak aldaketa ugari dakartzala berekin. Eta, ideia hau hitzetik hortzera aho anitzetatik igaro den artean, espartinek aho horien oin anitz ere jantzi dituzte urte askoan, euskal jantzigintza tradizionalaren parte adierazgarrienetako bat izatera pasa baita, bestelako jantzi eta osagaiekin batera, jakina. Denboraren joanaren baimenarekin, nola ez, honek ere aldaketak izan ditu, azken urteotan batez ere.

Ez produktuak soilik, lan moldeak eta horrek baldintzatutako produkzio-sistemek aurrerabidearen berrikuntzetara egokitu behar izan dute, artisau-lanean oinarritutako fabrikazio modua atzean gelditu, eta kasik ¯eskuz egiten diren elementu zenbait kenduta¯ industrializatuta dagoen sistema gailenduz.

Denbora bere lekuan jartzen joan da alor hau ere eta, horretan, bi faktore izan dira erabakigarriak ia 150 urtez espartingintzan diharduen Mauleko Megam lantegiko buru den Armand Marzatek zehazten duenez. «Bai teknologia berriek, bai moda berrietara produktuak izan duen egokitzapenerako gaitasunak fabrikazio moldeetan eragin dute eta aldaketak ekarri dituzte», dio Mazatek.

Espartina biologikoak

Hein horretan, berrikuntzarik iraultzaileena fotoinprimatzea izan dela nabarmentzen du gazteak. Teknika honek kolore, marrazki eta, oro har, diseinu berriak lortzea ahalbidetzen du. «Orain arte koloreetako espartina tradizionalak ikustea berriztapen handiena izan bada, azken garai honetan diseinu eta forma berri anitzetara salto egin dugu», gehitu du Mazatek, «eta ereduak berritu dira, beraz». Era berean, honek gazteengana heltzeko parada eskaini dietela aitortzen du, eta lehen «zaharren gauza bezala» ikusten zena egun modan txertatuta dagoen osagarri gisa hartzen dute gazteek. Esan duenez, «moda jarduera honetan sartuz, neurri batean, egonkortzen lagundu du».

Horrez gain, beste urrats bat aurrera eman nahi izan dute eta espartina biologiko eta ekologikoak sortu dituzte, berrikuntza eta, dirudienez, ingurumenarekiko kezka uztartuz. Ekimena Rip Curl surf etxearen eskutik heldu da Euskal Herrira eta Megam lantegiak erabili du espartingintzan. Izan ere, lantegiak produktu anitz ekoizten ditu surf etxe desberdinentzat, edota baita, esaterako, Kukuxumuxu bezalako arropa etxeentzat ere.

Merkataritza harreman honek bideratu du proiektua, beraz. Rip Curl enpresak neoprenoa berrerabiltzen du berak ekoiztutako produktuetarako, baina, neurri berean, Tolosako (Estatu frantsesa) birziklatze planta batera eramaten du eta hor kautxu bihurtzen dute. Kautxuarekin, ondoren, espartinen zolak izango direnak egiten dituzte Megamen. Halaber, oihala kotoi biologikoz ekoizten dute modelo hauetarako.

Bigaya elkartearen babesa

Ekoizpenari dagokionez, Europako hainbat herrialdetara egiten diren esportazioak sektore honen iraunkortasunean funtsezkoak direla uste dute. Mazatek azaltzen duenez, bereziki Holanda, Suedia, Alemania, Italia eta Ingalaterrara esportatzen dituzte espartinak; hau da, haien produkzioaren atal nagusia hara doa.

Bestalde, garrantzitsua izan da biziki alor honetarako Bigaya elkartearen sorrera, espartingintzan diharduten sei lantegi hartzen dituena, Zuberoan espartinari ematen dioten «izentto»ak berak iradokita. Bertan ekoizten duten produktua babesteko eta sustatzeko sortu zuten elkartea, herrialdean bertan soilik Estatu frantseseko produkzioaren %75 edo %80 lantegi hauetan ekoizten dela kontuan hartuz.

Garapenari eutsi dion industria: «enaretatik» industria turismora

Espartina, produktu gisa, nahiz bere inguruan sortuz joan den espartingintzaren jarduera, luzaz egon dira erroko aldaketarik jasan gabe, batik bat, lehen hura, industria jarduerak bestelako faktoreekiko menpekotasuna izan baitu.

Biek ala biek azken hamarkadotan izan dituzte aldaketa nagusiak, produkzio sistema berrietara egokitu beharra izan baitute, eta horrek ekartzen dituen arazo zenbaiti aurre egiteko premia ere bai. Horietan nagusiena kanpotik datorren lehiakortasuna da. Izan ere, 1980tik aurrera Bangladesh eta Txinatik inportatzen hasi ziren Europako hainbat herrialde, Hegoameriketako beste batzuekin batera, haiek izan baitira merkataritza gune potentzialak. Arrazoia garbia da: salneurri apalagoak eta, beraz, mozkin-marjina handiagoa. Estatu espainoletik, gerora ere inportazioak areagotu ziren. Armand Marzatek esaten duenez, honi ekoizpen-etxe handien «prezio altuak» gehitu behar zaizkio, eta honek «bezeroengandik urruntzen gaitu». Ildo berean, soldaten kostuak «altuak» direla baieztatzen du Bigaya elkarteak, «salmenta zenbatekoaren %35era» iristen dela zehaztu baitu. Ondorioz, Zuberoako industriaren «motorra» izan den jardueratik, «egonkortua» soilik den beste egoerara igaro da, garrantzitsua bertako ekonomiarentzat, nolanahi ere, nahiz eta herrialdean industriak okupazio indizearen %24 baino ez duen hartzen. Izan ere, 1911n bederatzi lantegi eta 1.600 behargin zeuden; aurten, aldiz, 200 langile bost lantegitan, besterik ez.

Meatzarien zapatak izatetik espartina ekologikoetara pasa dira, eta industria turismora ere bai. Atzean gelditu dira enarak deitzen zituzten eta bereziki emakume ziren sasoiko langileak ere. X. H.

espartinaren besta

Maulen urtero abuztuaren 15ean egiten den hitzordu kulturala da, eta bertan espartinaren fabrikazio tradizionala erakusten dute bertatik bertara. Lanbidearen eta produktuaren berri emateko eguna da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo