GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Auzitegi Nazionalak gaur goizerako deitu du Zigor Goikoetxea, deklarazioa hartzeko asmoarekin

GARA |

Zigor Goikoetxea Getxoko gaztea gaur goizerako deitu du Auzitegi Nazional espainolak deklarazioa hartzeko asmoarekin. Fernando Andreu epaile espainolaren aurrean ezarri diote gazteari hitzordua, 10.00etan, joan den abuztuaren 10ean udalerrian PPko zinegotzia den Marisa Arrue ustez mehatxatu izana egotzita.

Getxoko San Lorenzo merkatuaren jiran, joan den abuztuaren 10ean, PPko hainbat ordezkari politikok agerraldia egin zuten. Bertan, hainbat herritarrekin ika-mikan hasi ziren. Bizkaiko udalerri horretan PPko zinegotzia den Marisa Arruek salatu zuen hainbat pertsonek mehatxatu egin zutela; tartean Zigor Goikoetxea gaztea zegoela adierazi zuen Arruek, eta hortik lau egunetara, abuztuaren 14an, Madrilgo auzitegi berezian haren aurkako salaketa jarri zuen. Hurrengo egunean, aldiz, PP alderdi politikoak bigarren salaketa bat aurkeztu zuen Getxoko gaztearen aurka. Salaketa segituan ontzat eman zuen Auzitegi Nazional espainolak.

Andreu epailearengana

Joan den asteartean Eloy Velasco epaileak ezarri zion gaur goizerako hitzordua Goikoetxeari. Baina Fernando Andreu epailearen aurrean agertu beharko du gazteak, izan ere, hasierako ikerketez Ismael Moreno epailea arduratu zenez, bera oporretan den bitartean Andreuri dagokio ordezkatzea.

Nabarmentzeko da, gaztearen aurkako salaketak aurkeztu bezain laster, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ere Goikoetxea auzipetu eta zitatzeko erabakia ontzat jo zuela. Beraz, Auzitegi Nazional espainoleko Instrukzioko 4. sekzioko Fernando Andreu epailearen aurrera aurkezteko agindua du ezarria gaurko Goikoetxeak. Deklarazio hartzea 10.00etan hastekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo