GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Bilboko II. Bandera

Castro onena izan da erlojuaren aurka eta lidertza hurbilago du

«La Marinera» ontziak aparteko azken luzeari esker garaipena eskuetatik kendu zion Oriori eta Urdaibairengandik bi puntura jarri da

Ander GARTZIA | BILBO

Orioko ontzia Bilboko udaletxe aurreko helmugara iritsi zen unean gipuzkoarrek ikurrina bigarren urtez jarraian etxera eraman behar zutela zirudien. Ez Urdaibai, eta ez Castro ere, ez ziren aurreko maniobretan denborak hobetzeko gai izan eta ezustekoa heltzear zegoela nabari zen. Hala ere, Ibaizabal ibaiaren korrontetik babestu nahian «La Marinera» azaldu zen bazter bati itsatsirik. Castroko ontziak ziztu bizian gurutzatu zuen azken baliza eta aurreko ziabogara hiru segundotako atzerapenarekin iritsi arren, han bildutako zaletuen eta epaileen kronometroak 19.34an gelditu ziren, Oriok markatutako denbora baino segundo bakar bat gutxiago zena. Banderaren eta ligako puntuaren balioa duen segundoa. Sailkapenean Urdaibai liderrarengandik bi puntura jartzea ahalbidetu diona.

Handik minutu eta gutxira, Urdaibai izan zen azkena helmugara iristen. Bermeotarrak pare-parean aritu ziren Guggenheim museo aurreko bi itzulietan baina azken unean ez ziren gai izan kantabriarren balentria berdintzeko eta hirugarren postuarekin konformatu beharra izan zuten. Atzoko proba ontzi indartsuentzako aproposa zen, ibaian eratzen den estropada eremua barea izan ohi delako, baina bizkaitarrek aurreko eguneko esfortzua garesti ordaindu zuten.

Castrok aldiz, oriotarren tankeran, tripulazio oso sendoa duela berretsi zuen beste behin ere eta gipuzkoarrek aurreko egunean erakutsitako irudi pobrea ezabatu zuten. Orio estropadaren buru izan zen hasiera-hasieratik, baina, aurreko jardunaldietan gertatu ez bezala, azken paladaraino eutsi zion erritmoari eta garaipenetik oso gertu izan zen. San Pedro, ohiko erregulartasunari jarraiki, laugarren lekuan sailkatu zen, eta Zarautz, postu bat atzerago.

Arkote, txukun

Jardunaldiko ezustekorik handiena Plentziako traineruaren eskutik etorri zen. Denboraldi osoan beheko postuetatik ihes egin ezinik ibili ostean, atzokoan maila txukuna azaldu zuen Arkotek eta seigarren postuan sailkatu zen, bosgarren izan zen «Enbata» trainerutik hiru segundora. Bizkaitarrek jaitsierako kanporaketei begira dituzte bi begiak, eta astean zehar esana zuten irailerako proba gisa hartuko zutela atzo Bilbon lehiatutako erlojupekoa, modu horretan jokatuko baitira jaitsiera faseko bi jardunaldiak. Atzokoan ezin hobeto ekin zioten estropadari eta bigarren txandako ontziek zailtasun itzelak izan zituzten plentziarren denborak hobetzeko. Popi Gonzalezek gidatutako mutilek garbi erakutsi zuten San Miguel Ligako postuari ihes egiten uzteko inolako asmorik ez dutela eta mezu garbia bidali zieten bai Kaikuri, bai Isuntzari.

EMAKUMEAK

Hondarribian emakumezkoen Txingudi Bandera jokatu zen eta etxeko ontzia nagusitu zen. Zumaia-Getaria izan zen bigarren 12 segundora eta Arkote hirugarren 41era.

1.txanda

2.txanda

3.txanda

Kaikuk beste garaipen batekin esan du agur

Kaikuk hasi bezala bukatu du denboraldia, KAE ligako aurreneko taldean, eta hamahirugarren bandera eskuratu du Hondarribiko uretan. Sestaoarrak aise nagusitu ziren beste behin ere eta ez zuten aurkaririk izan hasierako txanpaz geroztik. Jose Luis Kortak gidatutako mutilek uda honetako aurreneko helburua lortu dute eta orain igoerako kanporaketak eta Kontxako Banderako sailkapen estropada izango dituzte hurrengo erronkak.

Sestaoarrek Isuntza izango dute aurkari San Miguel Ligarako kanporaketetan, lekeitiarrek beste bigarren postu bat erdietsi ostean matematikoki lortu baitzuten atzo kanporaketan lehiatzeko txartela. «Lekittarra» ontziak atzetik aurrera egin du sailkapen nagusian, eta hasieran zenbait zalantza sortu arren, abuztua maila onean bukatu du eta azken probetan Camargoren aurretik sailkatu da. Bizkaitarrek, uda osoa Kaikuren itzalean pasa eta gero, garaipen batekin esango diote agur denboraldiari eta igoerako kanporaketetarako batuko dituzte orain indarrak.

Beheko postuetan, berriz, Zierbenak ezin izan zuen balentria lortu. Pablo Fernandezen mutilek estropada polita osatu zuten baina mirari horretatik bi puntura geratu ziren, eta Portugaleterekin batera arituko da jaitsierako kanporaketan. KAE ligako bigarren taldetik igo nahian Orio eta Trintxerpe izango dira.

Bestalde, emakumeen artean Hondarribiko, Arkoteko eta Zumaia-Getariako ontziak lehiatu ziren eta etxeko «Ama Guadalupekoa» izan zen hiruretan azkarrena. Bizkaitarrak hirugarrenak izan ziren.

A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo