Harri-zulatzea Euskal Herriko Liga
Liga amaitu ez den arren, Jaizubiak lortu du txapela
Hondarribiko taldeak, jardunaldi baten faltan, segurtatu du garaipena
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Jaizubiak lortu du hirugarren urtez jarraian Euskal Herriko Ligako garaipena. Jardunaldi bat falta da amaitzeko, baina han gertatzen dena gertatu, garaipena Hondarribira joango da.
Bilbon jokatu zuten azkenaurreko jardunaldia, eta han gipuzkoarrek sekulako erakustaldia eman zuten, bost zulotako aldea kendu baitzien bigarren sailkatuei. Horrekin batera, besteen gainetik daudela erakutsi zuten, eta Ligako talderik erregularrena izan dela ere bai.
Jaizubia da Liga honetako talderik berrienetakoa, baina garbi erakutsi du lan asko egin dutela, eta horrek bere fruituak eman dituela, izan ere, parte hartu duten guztietan txapela jantzi baitute. Aurtengoarekin hirugarrena lortu dute.
Ez da meritu makala, gainera, bizkaitarren artean dagoen talde gipuzkoar bakarra baita, eta jardunaldi bat ez beste guztiak Bizkaian jokatu behar izaten dituzte. Horiek kontuan hartuta, egindako lana bikaina izan da.
Liga honek izan ditu gako bat baino gehiago. Alde batetik, Jaizubia bera, onena izateaz gain, ez du hutsik egin, eta beti goian ibili da. Gero, beste batzuen hutsegiteak. Trapagaran, Burdin Gazteak edo Aldai Alde ongi ibili dira, baina hutsegite handiak ere egin dituzte, eta horrek txapelak lortzeko aukera guztiak kendu dizkie.
Bilbon honela geratu zen sailkapena: lehen postuan Jaizubiak amaitu zuen, 21 zulo eginda; bigarren postuan, Burdin Gazteak taldea geratu zen, 16 zulorekin; eta hirugarren, Gallarta, 15 zulo eta 0,6 zentimetrorekin. Gero, laugarren Trapagaran, 14 zulo eta 8,7 zentimetrorekin; bosgarren Aldai Alde 14 zulo eta 8,4 zentimetrorekin; seigarren Kabiezes 13 zulo eta 8,5 zentimetrorekin; zazpigarren Arboleda 12 zulo eta 1,9 zentimetrorekin; eta azkena, berriz, Errekatxo, 8 zulo eta 8,1 zentimetrorekin. Txorierrik ez zuen parte hartu saio honetan. Sailkapen nagusian Jaizubiak lortu du txapela.