Aizkora Kanporaketa
Ander Erasunek eta Asier Pellejerok lortu dute Altsasuko finalerako txartela
J.L. | GORRRITI
Erasunek eta Pellejerok lortu zuten herenegun Gorritin Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko txartela. Bertan, 500 ikusle inguruk erabat bete zuten pilotalekua, lehen multzoko kanporaketa ikusteko.
Lehen multzo honetan hamahiru aizkolari aritu ziren, eta lehen biek lortuko zuten urriaren 19an Altsasun jokatzekoa den finalerako txartela. Kirolariak hiru txandatan aritu ziren, eta bakoitzak launa kana-erdiko erdibitu behar izan zituen.
Lehen txanda izan zen onena, dudarik gabe. Bost aizkolari lehiatu ziren, eta bertako denborak izan ziren onenak. Erasunek irabazi zuen, eta atzetik sailkatu zen Pellejero. Amaieran bi hauek izan ziren finalerako txartela lortu zutenak. Gero, ordea, Zalduak laugarren denborarik onena egin zuen, Aizpuruk bosgarrena, eta Txikonek zortzigarrena.
Bigarren multzoan zen irabazteko faboritoetako bat, Ugaitz Mugertza, alegia. Mutrikukoak bere txanda irabazi zuen, baina hirugarren denborarik onena egin zuen, eta finaletik at geratu da. Txandarik eskasena, berriz, hirugarrengoa izan zen. Zubizarretak bereganatu zuen saio hau, baina bere denbora zazpigarrena izan zen, eta azpeitiarrak aurten ezin izango du finalik jokatu.
Bigarren multzokoek, berriz, irailaren 14an jokatuko dute kanporaketa Lantzen, eta bertan honako aizkolari hauek izango dira nor baino nor: Belauntzaran, Esnaola, Mugertza III.a, Alkizalete I.a, Alkizalete II.a, Kañamares III.a, Beltza, Mandazen, Ariztegi, Telletxea, Eraso, Garitaonaindia eta Atutxa II.a.
Azkeneko kanporaketa, berriz, Urrotzen jokatuko dute irailaren 28an, eta bertan honako aizkolari hauek arituko dira: Aldape, Mendieta, Dorronsoro, Matxinandiarena, Patxi Mindegia, Oiarbide, Castro, Pikabea, Etxeberria, Erdozia, Perez eta Jauregi. Bi multzo hauetatik ere estreinako biek lortuko dute finalerako txartela.