GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Liga hasteko neurketa zailak dituzte Biarritzek eta Avironek

Zuri-gorriek Bourgoin hartuko dute Agilerako estadioan. Aviron Baionakoak, aldiz, Castresen zelaian jokatuko du, 19.00etatik aitzin

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Hastera doa Top 14a, heldu zaie tenorea Biarritzi eta Avironi. Orain arte lagunarteko partidak tartekatu dituzte prestakuntza lanarekin, baina hemendik aurrera partida ofizialak hasiko dira, eta lehen aste honetan, gainera, bi norgehiagoka izango dituzte, larunbatean jokatuko baitute bigarren jardunaldia.

Liga hasteko, gainera, aurkari gogorrak izango dituzte, Biarritzek Bourgoin hartuko baitu 19.00etatik aitzin, eta ordu berean, Castresen jokatuko du Avironek. Ligaren amaieran bi talde hauek goialdean ibili beharra daukate. Beraz, hasiera zaila izango dute bi talde lapurtarrek.

Biarritzek helburu garbiak ditu. Iazko denboraldia hobetzea izango da zuri-gorrien nahia. Iaz oso denboraldi kaskarra egin zuten, azken hamarkada honetako kaskarrena. Liga eta Europako kopa irabazteko asmoarekin, edo gutxienez finaletan sartzeko asmoarekin hasi arren, ez zuten ezer lortu. Europan lehen fasean geratu zen kanpoan, eta Ligan, aldiz, finalerdietan ezin izan zuen sartu.

Kolpe handia jaso zuten biarriztarrek eta aurten halakorik berriz ez gertatzeko asmoarekin ekingo diote denboraldiari. Horretarako, taldean aldaketa dezente egin dituzte, eta aro berri eta oparo baten hasiera izateko itxaropena dute.

Denboraldi honetarako, honako jokalari hauek etorri dira Biarritzera: Courrent (Tolosa), Bocalla (Auch), Lund (Salle) eta Johnstonne (Zeelanda Berria). Taldea utzi dutenak, berriz, hauek dira: Avril, Balan, Betsen, Dupuy, Cortese, Lison, Malonga Marlu eta Lecouls.

Liga hasiera zaila dute, aurkari zuzen bat izango baitute bisitari Agileran, baina ezinbestekoa dute garaipenarekin hastea. Gaur lehen lau puntuak eskuratzeak indarra emango die zuri-gorriei, eta zaleei ere bai, zalantzaz beterik baitaude, denboraldia hasi aurretik jokatutako partidek ere horretara bultzatu baitituzte zaleak.

Ilusioa

Ilusioa eta itxaropena, horiek dira Avirongo zaleek ahoan darabiltzaten bi hitzak, izan ere, denboraldiaren atarian jokatutako partidetan sekulako itxura eman baitute, eta horrek sekulako ilusioa piztu du zaleen artean. Iaz ere zuri-urdinek denboraldi ona egin zuten. Hasiera bikaina izan zuten, eta gero beherakada bat izan bazuten ere, denboraldia sailkapeneko erdialdean amaitu zuten, aparteko arazorik gabe.

Aurtengorako, gainera, taldea dezente hobetu dute, eta aspaldiko urteetako emaitzarik onenak batuko dituztelakoan daude lapurtarrak. Honako jokalari hauek heldu dira Avironera: Boloveacu (Brive), Fall (Bordele), Lacroix eta Maillard (Albi), Garcia (Montauban), Martin (Stade Français), Puricelli (Castres), Cortese eta Avril (Biarritz), Blake (Australia), Geldenhays eta Howrd (Ingalaterra).

Taldea utzi dutenak, berriz, hauek izan dira: Dourthe, Vermis, Hegarti, Lopresti, Kopoliani, Sallecane eta Usandizaga.

Lehen jardunaldia, hauek ere zaila dute, Castresek ere lehen lau postuetan amaitu nahi baitu denboraldia, baina zuri-urdinek galtzeko ez dute ezer, eta bertatik puntu bat batzea ez litzateke batere txarra izango.

Liga hasi aurreko partidetan min handia egin dute, batez ere kontraerasora, abiadura handiko jokalariak baititu eta gaurkoan horretan ahaleginduko dira. Kontraerasora jokatuz entseguak egiten ahaleginduko dira, baina Castresek ere dagoeneko jakingo du euskaldunen jokoa nolakoa den.

Jokalari oso esanguratsuak joan dira Biarriztik, baita Baionatik ere

Jokalari oso esanguratsuek, azken urte hauetan garrantzitsuak izan direnek utzi egin dute bai Biarritz, eta bai Aviron Baikonakoa ere.

Betsen, Avril, Balan edo Dupuy garrantzitsuak izan dira Biarritzek azkenaldian lortutako garaipen handietan, baina joan egin dira. Avironen, Richard Dourthe kapitain ohiak errugbia utzi egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo