GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Aitor Irigoien Odriozola Getaria

R-publi-K

Sarri, gainerakoak baino argiagoak, aurrerakoiagoak bagina legez jokatzen dugula konturatu naiz. Norberarena hoberena, garatuena dela sinetsita, beste kultura, bizimodu edo gizarte antolaketa ereduak kritikatu eta barregarri utzi nahi izaten ditugu.

Islamistak gogor salatzen ditugu, emakumearen aurka duten jarrera lotsagarriagatik: zapia eramatea, gizonaren menpe bizi behar izatea, etxea, haurren zaintza eta senarrari plazera ematera mugatuz beren eginkizunak...

Afrikako tribuen kontu ere barre ugari egin ohi dugu. Beraien erritual inozoak, fede zentzugabea, janzkera xelebreak edo naturarekin duten lotura estua medio, tximinoak bailiran ikusten eta tratatzen ditugu, algara artean.

Gertuago, euskal kultura eta jendearekiko irainak ere ugaritzen ari dira: baserritar txapela dela, usadio zaharrak direla, trikitixa, euskararen erabilera eta gaztelaniaz hitz egiteko zailtasunak...

Guztiei ere, goitik behera, Erdi Arokoak bailiran begiratu ohi diegu, txinatar esaera jakintsu batez ahaztuta: «Besteak kritikatu eta mundua aldatzeari ekin aurretik, eman hiru itzuli zeure etxean».

Honela, bertako kide izatera behartzen nauen Estatuko akatsak hamarnaka neur ditzaket, guztietatik ordea bat iruditzen zait ulergaitzena: monarkia. Erregea ikusten dudan aldiro, galdera berdinek inguratzen naute: Zein funtzio betetzen du? Zer lan egiten du? XXI. mendean zer zentzu du figura honek? Zein fundamentutan oinarritzen da? Zergatik sinetsarazi nahi digute beharrezkoa eta naturala dela?

Galdera hauen inguruan, erantzun ugari entzun izan ditut eta aldiro are okerrago geratu izan naiz: egonkortasuna ematen duela aipatzen dute batzuek; Estatuko pertsona garrantzitsuena dela besteek; zaila bezain ezinbesteko lana egiten duela; beragatik ez balitz, Francok euskaldun guztiok akabatuko gintuela...

Bera bitartean, «lanean gogor», batetik bestera dabil: lunch, inaugurazio, ospakizun, opor, olinpiada... eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, joaten den lekuetan txalo eta laudorio artean hartzen dute. Bere txiste, gaizki ulertu eta pasadizo inozoak medio, pertsonaia maitatua da. Ezer egin gabe, langile jendearen kontura ederki bizi den arren, herritarrek miretsi egiten dute. Sinesgaitza benetan. Oparitzen diogun dirutzarekin zenbat gauza egin genitzakeen pentsatzen jarriz gero...

Alderik ilunena ordea, bere jatorrian datza. Izan ere, herriak era askean aukeratutako ereduaren aurka altxatu eta odolaren bidez nagusitu zen diktadore txikiaren inposizioa besterik ez da. Gehienok gogoratu nahi ez dugun garai eta mugimendu baten jarraipena burutzeko konfiantzazko gizona. Dena aldatuko zela esan, baina ezer aldatu ez zela eta denak esku beretan jarraitu zuela erakusten duen beste adibide bat. Frankismoa eta monarkia, biak elkarren eskutik...

Ez zait iruditzen beraz, besteei barre egiteko egoeran gaudenik. Ba ote norbere zapaltzailea gurtzen duena baino gizarte atzerakoi eta tristeagorik? Era berean, ezin gara gure arazo, miseria guztien errua besteei leporatzen ibili. Denok egin dugu noizbait barre bere pasadizoren batekin. Arazoa beraz, gure baitan, etxean bertan dugu: inozokeria eta jarrera falta. Ezjakintasunaren apologia eguneroko egin dugu.

Zorionez, oraindik ere dena galduta ez dagoela gogorarazten diguten duintasunez zipriztindutako ahotsak entzun ahal dira sasi-komunikabide eta sasi-politikariak isiltzen direnean. Lehenik erasotuak, borrokatzera behartuak, torturatuak, erailak nahiz atzerriratuak izan zirenen eta ondoren, ahaztuak, umiliatuak, baztertuak eta erasotzaileen menpe bizitzera kondenatuak izan zirenen ahots larri bezain garbia. Urteak pasa arren, inoiz garaituak izan ez zirenen, direnen oihua: «Ez dira pasako! Altxa herri langilea! Gora Errepublika!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo