Latxa ardiaren artzainak omenduko dituzte igande honetan Uharte Arakilen
Uharte Arakilgo Artzain Eguna ospatuko dute igandean. Bertakoa den latxa ardiaren biziraupena bermatzeagatik artzainei eskerrak eman eta haiek ekoitzitako kalitatezko salgaiak sarituko dituzte.
Jasone MITXELTORENA |
Artzaintza munduan berebiziko garrantzia du abuztuaren azken igandean Uharte Arakilen ospatzen den bestak. Latxa ardiaren inguruan lan egiten dutenez gainera, gazta eta ardikia bezalako gaiak maite dituenarentzat ere aukera paregabea da igande honetan 41. aldiz eginen den Artzain Eguna. Artzaintzarekin lotutako jarduera gehienak biltzen dira besta giroa nagusitzen den omenaldi-erakustaldian.
Igandeko ekitaldiak 10.30- ean hasiko dira. Iturengo joaldunak gonbidatu dituzte, eta ordu erdi lehenago, horiek nola janzten diren ikusi ahal izanen da. Herriko kaleetan ibiliko dira, txistulariak, trikiti- lariak eta dantzariak bezala, goiz osoan. Ardi mozten ikusteko aukera ere izanen da, frontoi irekian, Nafarroako XXI. ardi mozte mekanikoaren txapelketan. Aipatzekoa da herrialdean jarduera garrantzitsua dela ardiak lotu gabe ilea mozten dieten gazteena, nazioartean ere lehiatzen baitira.
Artisau azoka ere goiz osoan zabalik izanen da. Horrez gainera, herriko plazan gaztak, taloak, ardoa, sagardoa eta txakolina ere eskainiko dituzte, dastatzeko eta erosteko nahi duenarentzako. Artzain munduko elikagaiak izanen dira egun horretako protagonistak. XXVII. aldiz latxa ardiaren esne gordinaz egindako gazta onena sarituko dute, eta sailkatutako lehen hamar gaztagileek Nafarroa ordezkatuko dute udazkeneko Euskal Herriko finalean. Gazta betiko eran egiten ere ikusi ahal izanen da. Ardikia prestatzen ere lehiatuko dira; Nafarroako bost elkartetako sukaldariek beren lanak dastatzeko eskainiko dituzte, XIV. lehiaketarako aurkezten dituzten bitartean. Nafarroako aretze errea jateko eta bertako ardoa edateko ere aukera izanen da.
Latxa ardiaren XXV. erakusketa eta esne-ekoizpen lehiaketa ere eginen dute. Arraza beraren baitan «burugorriak» eta «aurpegibeltzak» bereizten dira, eta beraz, ardi horien esnea baloratzean, sariketa bikoitza egiten dute. Ardiaren adina ere kontuan hartzen da, eta beraz, anitzak dira sariak. Nola ez, ikusgai izanen dira goiz osoan. Antolatzaileen erranetan, azken hogeita bost urteetan ia bikoiztu egin da arraza horretako kontrolpeko artaldeen esne ekoizpena.
Lehiaketa horien guztien sari-banaketak 13.30ean hasiko dira, eta jarraian gazta-erdi irabazlea enkantean jarriko dute. Horiez gain, euskal artzain txakurren, Pirinioetako artzain txakurren eta galzorian dauden arrazen XVI. erakusketa izanen da 11.00etatik 12.00etara. Arratsaldean izanen da ekitaldi nagusia: Artzain txakurren lehiaketa, Euskal Herriko eta herrialdeen artekora sailkatzeko.
Artzainen lanaren garrantzia
Bestaren oinarria den artzainen omenaldia 12.00etan hasiko da, latxa ardiaren biziraupena bermatu izana eskertuz. «Betidanik ingurumena eta kultura zaharra mantenduz mendialdeko herriak iraunaraztea» aitortu nahi diete, bestalde desagertzeko arriskua izanen bailukete, «hiri handietako bultzadak eta gaurko ekonomian agintzen duten talde politikoek irentsirik, produktu guztien jatorria baztertzen baitute hauek», jakinarazi dute bestaren antolatzaile den Aralar-Mendi kultur elkartekoek. Latxa ardia «gure kultura eta hizkuntza bezain zaharra» izan daitekeela argitu omen dute arkeologia ikerketek.