GARA > Idatzia > > Mundua

ALBAk seigarren kidea izango du gaur Hondurasen atxikimenduarekin

Honduraseko enpresarien elkarteek akordioaren aurkako adierazpenak egin dituzten arren, Manuel Zelaya presidenteak ALBAko ordezkariekin sinatuko du gaur Hondurasen atxikitzea. Erakundearen helburua «txiroen alde egitea» dela nabarmendu du bertako Gobernuak.

GARA |

Honduras Ameriketarako Alternatiba Bolivartarraren (ALBA gaztelaniazko sigletan) kide bihurtuko da gaur, bertako enpresariek akordioaren aurkako oposizio gogorra egin duten arren. Tegucigalpa hiriburuan egingo den bilkuran, Manuel Zelaya presidenteak bere herrialdearen atxikitzea sinatuko du, eta Honduras ALBAko seigarren kidea bihurtuko da.

Venezuela, Bolivia, Nikaragua eta Kubako ordezkariak ere izango dira bertan, akordioari sostengua emateko. Horiez gain, Dominika Karibeko uhartea ere ALBA erakundean partaide da.

Zelaya presidenteak hitzarmenaren onurak azpimarratu ditu azken egunotan, bere ustez, ALBAk helburu sozialak dituelako. «Hau ez da Venezuelako eta Honduraseko enpresarien arteko akordio bat, txiroen alde lan egiteko proiektu bat gauzatzea baizik» adierazi zuen. Gobernuak langile elkarteen eta indigenen babesa jaso du hartutako erabaki hori dela-eta.

Oposizioak Honduraseko herritarrei kalte egin nahi diela azpimarratu zuen Zelayak, atxikitzearen aurka adierazpenak egin dituztelako. «Interes pertsonalak bakarrik dituzte buruan», nabarmendu zuen.

«AEBen eskuari haginka egin»

Honduraseko enpresarien elkarteek ALBAren atxikitzea gogor salatu zuten, «aliantza politiko, militar eta ideologiko horrek gure herrialdearen historia, balore eta konpromiso etikoen aurka egiten duelako».

Beste enpresari batzuek ohartarazi zuten erabakiak Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) duten harremana «arriskuan» jar dezakeela, horrek ekarriko lituzkeen ustezko ondorioekin, «Honduraseko merkatu nagusia AEBak direlako».

«Gure herrialdea ALBAko kide izateak Estatu Batuei eskuan haginka egitea da», adierazi zuen Ricardo Maduro presidente ohiak. AEBetan gutxienez Honduraseko milioi bat herritar bizi dira, eta urtero 3.000 dolar bidaltzen dituzte batez beste beren jatorrizko herrialdera.

Atxikimenduak eztabaida piztu zuen Erdialdeko Amerikako herrialde honetan, oposizioak Elvin Santos presidenteordeari iruzurra egitea leporatu ziolako. Ustez, Santosek parlamentuko hainbat kideri dirua eskaini zion ALBArekin lortutako akordioaren alde bozkatzeko.

ALBA erakundea 2004. urtean sortu zuten Venezuelako eta Kubako Gobernuek, «Hego Amerikako integrazioa sustatzeko eta txirotasuna borrokatzeko», beste hainbat helbururen artean. Haiti eta Paraguai ere kide izateko interesa dutela iragarri zuen Hugo Chavez Venezuelako presidenteak.

jada 6 herrialde

2004. urtean Venezuela eta Kubako Gobernuek ALBA erakundea sortu zuten. Geroztik, Bolivia, Nikaragua, Dominika eta Honduras gehitu zaizkie. Haitiko eta Paraguaiko estatuak izan daitezke ALBAko hurrengo kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo