Kronika | Filtroko martxa Montevideon
Hamalau urte eta gero, Euskal Herria eta Uruguai irmo lotuta
Joan den igandean Montevideoko Filtro ospitalera martxa egin zuten, duela hamalau urte haren inguruan izandako sarraskia oroitzeko eta, bide batez, justizia eskatzeko. Orduan euskal he- rritarrak babesteagatik zigortu zituzten uruguaiarrak; orain, berriz, bi herrien arteko elkartasunaren irudikapena da Filtroko Martxa.
Jasone MITXELTORENA
1994ko abuztuaren 24an Montevideoko Filtro ospitalean gose eta egarri greban zeuden Josu Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralde, Uruguain babestutako hiru euskaldun. Ospitalearen inguruan milaka uruguaiarrek babesten zituzten, Madriletik herrialde hartaraino euskaldunak Espainiaratzeko heldutakoei hala egitea eragotziz. Uruguaiko gobernuak herritarren kontra egin zuen, Fernando Morroni eta Roberto Facal tiroz hilez eta bertze hamarnaka lagun zaurituz. Hura izan zen uruguaiarren elkartasunari eta justizia defendatzeko kemenari emandako erantzuna.
Baina uruguaiarrak ez ziren inolaz ere kikildu, eta ez dute etsi justizia aldarrikatzeko ahaleginean. Joan den igandean, hamalau urte beranduago, bertze behin ere Filtroko Martxa egin zuten orduan gertatutakoa argitzea eta arduradunak azaltzea exijituz. Josu Goitiak lehen aldiz hartu du parte aurten martxan, eta bizitakoa azaltzeko hitzik ez duela aitortu du; azaldu ezina da orduan bizitako elkartasunak eta babesak hainbertze urteren buruan bizirautea. «Oso-oso gogorra izan da. Barrutik bizi izan duenarentzat, ordukoa berriz bizitzea bezalakoa da. Aurten berriz ikusi ditugun irudiak... Sentsazio oso fuertea da».
«Memoria y justicia»
«Hunkigarria da oraindik ere eusten diotela ikustea», gaineratun du Goitiak. Ekitaldiari ere hala iritzi dio: «Luzea izan zen. Martxaren ondoren irakurketak eta irudien emanaldiak izan ziren. Ekitaldi luzea izan zen, eta oso hunkigarria». Horren aintzinean, eskerrak ematea beti eskas izanen omen da: «Jendeak beso zabalik hartzen zaitu, hitzekin ez dago azaltzerik, oso berezia da herri hau. Uruguaiar herriarekiko beti zorretan egonen gara, gu guztiok gainditzen gaitu. Argi dago gure bihotzetan sartu dela, eta taupadek irauten duten bitartean, hor egonen dela», ziurtatzen du euskaldunak.
Duela 14 urte estraditatu zutenetik lehen aldiz, orain dela hiru urte egon zen Uruguain Goitia. Han lagun asko dituela azaldu du, eta beraz, haiek bisitatu behar zituela. Martxan parte hartu nahi izan du beti, baina aldi hartan ezin izan zuen abuztuan bidaiatu eta aurten bete du «obligaziotzat» zeukana. Hala ere, duela hiru urte ezagutu zuen Norma Morroni, Filtroko sarraskian hildako Fernandoren ama. «Oso pertsona zuzena eta sendoa da», jakinarazi digu Goitiak. Morroni bizi den auzo txiroan bisitatu zuten, eta hark etxetzat duen txabola antzekoan hartu zuen. Ordu pare batez egon ziren berriketan, «oso ondo», Goitiak kontatu duenez.
Norma Morroni emakume sendoa dela ez dago dudan jartzerik. Semearen heriotzaren nondik norakoak argitzeko eta erantzuleak izendatzeko bere aldarrikapena ozena da. Bizirik dagoen bitartean argitu nahi ditu horiek, ez du jakin gabe hil nahi. Amaren eskubidea den semearen heriotzaren inguruko berri jakitea esijitzen du. Fernandori tiro egin zionaren izena jakin nahi du, baita heriotza horien ideologoenak ere; hau da, erantzule politikoenak. Bere ekimena lagunduz Plenaria, Memoria y Justicia mugimendu sindikalista nabarmentzen du egun hauetan Uruguain den Goitiak. Memoriaren eta Justiziaren izenean exijitzen dute Morroni eta Facal-en kasuak ireki eta ikertzea. Izan ere, gogorarazten duenez, gertaerak argitu ezean zigortu gabe eta ahazteko bidean gera daitezke. Fernando Morronik hamabi tiro jaso zituen bizkarrean, bi edo hiru metroko distantzian eginak. Roberto Facalen kasua are ilunagoa da; orduko polizia-txostenek «pasio-krimen» batekin lotu nahi izan zuten haren heriotza.
Han escrache, hemen debeku
Joan den igandeko Filtroko Martxak mila lagunetik gorako partaidetza izan zuen. Montevideoko erdiguneko kaleak zehar- katu zituzten, Obeliscotik Filtro ospitalera. «Tenemos memoria, queremos justicia (Memoria dugu, justizia nahi dugu)» aldarrikapena sostengatu zuten gazteek, adinekoek, gurasoek eta euren haurrek. Plenaria, Memoria y Justicia, Tendencia, Clasista y Combativa eta Askapena erakundeak izan ziren martxan.
Iragarri zutenez, datorren ostegunean, irailak 4, Norma Morronik gutun bat helaraziko dio Irma Tourne Barne ministroari, polizia txostenak ezagutaraztea eta artxibatutako kasua irekitzea exijituz. Irailaren 6an berriz, gertaeren unean lehendakaria zen Luis Alberto Lacalleren etxera joanen dira protestan; han «escrache» esaten dioten ekimena da. Joan den ostiralean Euskal Herrian ere oroitu nahi izan ziren gertaerak, baina debekatu egin zuten Bilbon ospatzekoa zen ekitaldia.