GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

BERRIA Koldo Aldabe 2008/8/28

Heriotza beharrean

LAB sindikatuak bildutako datuen arabera, 66 behargin hil dira lantokian urtea hasi zenetik Euskal Herrian. Uda hau bereziki gogorra izaten ari da, eta lagin gisa herenegungoa: bi langile hil ziren eta beste sei zauritu.

Beste testuinguru batean jazo izan balira, heriotza hauek izugarrizko astindua eragingo lukete zalantzarik gabe. (...)

Deigarriak, eta iraingarriak ere bai, izan dira aste honetan Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak eman dituen azalpenak uda honetan hil diren langileei buruz mintzatu denean. Biktimak egin ditu errudun; heriotza guztiak behargin horien «esperientzia ezagatik» izan ei dira(...).

Oporretan diren langileak ordezkatzeko kontratatu dituztenek esperientzia handirik ez edukitzea faktoreetako bat izan daiteke, noski, langile horiek aurretik beharrezko trebakuntza jasotzen ez badute eta hasieratik ordezkatu behar dituztenen lan bera egiten jartzen badituzte. Baina lan hori egiteko esperientziarik ez duen behargin bat kontratatu, enpresak kontratatzen du, eta hari dagokio esperientzia hartu bitartean langile berria bakarrik ez uztea, eta langile horren segurtasuna bermatzea (...).

Salagarria ere bada (...) Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak heriotzak langile trebatu gabeei leporatzea eta justu trebatu gabeko langile gehien dagoen unean sailburuaren pean dagoen Osalanek inspekzioak murriztea.

Enpresa kalitatean, ikerketan eta teknologian puntaren puntan omen dagoen herria ei da gurea. Baina horietan egiten diren inbertsioak laneko segurtasunaren bizkar egiten badira, zerraldoak oinarri dituen herri aurreratu izango da hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo