GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Vuelta 2008

Pozzato, Granadako kaleen errege

Liquigas taldeak eraman zuen aitzin-etapa, baina Euskaltel-Euskadik eman zuen eguneko ustekabea, bigarren lekua eskuratu baitzuen

p042_f01_199x124.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Granadako aitzin-etaparekin hasi zen atzo 2008ko Espainiako Itzulia. Zazpi kilometro eta erdiko taldekako erlojupekoarekin ekin zioten Vueltari parte-hartzaileek. Jende gehienak Vueltan CSCren eta Astanaren arteko lehia gogorra izatea espero duen arren, Liquigas talde italiarra izan zen atzoko aitzin-etapa irabazi zuena; bide batez, Filippo Pozzato da urre koloreko maillota jantzi duen aurreneko txirrindularia. Italian printze txikia ezinenaz ezaguna den Pozzato, Granadako kaleetako errege bilakatu zen atzo.

Alabaina, atzoko garailea Liquigas izan bazen ere, Euskaltel-Euskadik eman zuen eguneko ustekaberik atseginena. Jon Odriozolak zuzendutako mutilek sekulako erlojupekoa burutu zuten eta, tarteko erreferentzian denborarik onena egin ostean, bigarren denbora onena egin zuten helmugan; Liquigasengandik zortzi segundo eskasera geratu ziren euskaldunak. Podiumeko hirugarren lekua Alejandro Valverde buru duen Caisse d'Epargnerentzat izan zen, Liquigasek baino bederatzi segundo gehiago egin ostean.

Bestetik, CSCk eta Astanak ez zuten arriskatzerik nahi izan eta, hala, uste baino denbora gehiago galdu zuten; hamaika segundo CSCk eta hamalau Astanak. Liquigasek, bere aldetik, beste inork baino gehiago arriskatu zuen Granadako kaleetan, etapa garaipena eta Pozzatoren lidergoa bilatzen baitzuen. Baita lortu ere.

Dena eman zuten italiarrek eta abantaila erakutsitako ausardiari esker lortu zuten. Lurra oso labainkorra egonagatik, ez ziren kikildu eta merezitako saria lortu zuten. Erorketaren bat edo beste ere izan zen, Andalucia Cajasur taldeko Jose Antonio Carrascorena kasu. Hori dela eta, faborito nagusiek kontu handiz egin zituzten Vueltako lehen kilometroak.

«Aitzin-etapa honetan kontuan hartu beharrekoa ez erortzea zen», aipatu zuen Contadorrek. «Ezin daiteke esan dena ematera atera ez garenik -bost kide baino ez ziren iritsi helmugara, taldekako erlojupekoan denbora hartzeko gutxieneko txirrindulari kopurua-, baina bihurguneetan lasai ibiltzea nahiago izan dugu. Zirkuitoa uste baino teknikoagoa eta zailagoa zen», gaineratu zuen.

Itzuliaren hasiera

Espainiako Itzuliak badauka, beraz, aurreneko liderra. Hala ere, egia esan, lasterketa hasteke dago. Hain zuzen ere, gaur izango dute txirrindulariek Vueltako lehen etapa luzea. Granadatik aterako da tropela eta, Andaluziatik barrena 167 kilometro egin ondoren, Jaenera helduko da. Esprinterrek aurreneko aukera izanen dute eta, Vueltak duen partaidetza ikusita, nekez saihestuko dute azken esprinta iheslariek. Horrenbestez, Tom Boonen, Bennati eta enparauek aurreneko garaipena erdiesteko parada bikaina izanen dute.

Aurten dagoeneko lau esprint irabazi dituen Euskaltel-Euskadiko Koldo Fernandez de Larrea, ProTourreko aurreneko garaipena erdiesten saiatuko da Vueltan. «Gogotsu eta ganoraz prestatu dut Vuelta eta Burgosko Itzulian lortutako garaipenak, gainera, konfiantza eman dit. Esprinter bikainak daude, baina etapa garaipena lortzeko borrokan sartuko naiz», adierazi zuen esprinter arabarrak Euskadi Fundazioaren webguneari eskaini elkarrizketan. Etapa garaipena lortzeko borrokaz gain, gaurko etapan lider aldaketa izatea ere ezin da baztertu. Izan ere, Jaeneko helmuga igoeratxo baten ondoren dago eta baliteke aldeak izatea. Aurreneko hiru sailkatuek denbora-sariak jasoko dituztela kontuan izanik, Pozattok urre koloreko maillota gal dezake.

Egia da, hala ere, Liquigaseko italiarrarentzat ere aproposa dela Jaeneko helmuga. Printze txikiaren palmaresak behintzat argi erakusten du irabazteko hautagaia dela -2006an Milano-San Remo klasikoa irabazi zuen, esaterako-. Alabaina, Valverde, Bennati edo Boonen ez ditu urruti izango. Horiek horrela, etapako azken kilometroak eta, batez ere, amaiera, zirraragarria izatea espero da.

«Esta segunda posición nos sabe a victoria»

«Para un equipo como Euskaltel-Euskadi, hacer segundo en una contrarreloj por conjuntos sabe a victoria», declaró en la página web del cuadro naranja Igor González de Galdeano, secretario técnico de Euskaltel-Euskadi.

«Me ha sorprendido el rendimiento de CSC y Astana», confesó el gasteiztarra, «pensaba que iban a estar en primer y segundo lugar a la conclusión de la jornada. Son dos equipos que están acostumbrados a ocupar esos puestos cabeceros en esta disciplina tan compleja. Pienso que en las calles de la ciudad de La Alhambra no dieron su verdadero nivel. Nosotros debemos seguir la línea marcada. Esta semana le toca a Koldo Fernández de Larrea».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo