Juan Luis Mugertza
Mutil fina
Igandean bisita eguna izan genuen eta gurasoak ikustera joan ginen. Eta hantxe ikusi genituen ama, lorategiko bankuan eserita eta aita, ondoan, gurpil aulkian. Egunkariak luzatu, eta azaleko argazkiei erreparatu zieten. Amari barre haizea marraztu aurpegian, eta barru-barrutik irten zitzaion: «Mutil fina dok hau, ba!». Gerotxoago aitaren txanda izan zen eta neuri zuzendu zidan hitza: «Zenbat denbora egin jok barruan?». Ez zuten esan, baina pentsatu bai, ene ustez. «Guk laster urtebete egingo dugu herritik kanpo eta badakigu zer den». Gure gurasoentzat bizi osoan Elgoibarren bizi ostean atzerrira joatea oso gogorra izan da. Horregatik, Elgoibartik datozen berriak kartzelan egondakoa bezalaxe itxaroten egoten dira. «Hilaren seian egingo diote omenaldia, ezta?». Amak aitzakia galanta du larunbatean herrira joateko, baina guk ez dakigu komeni den bizi osoko kondena dutenak egun batean irtetea. Halarik ere, ez dugu zalantzarik; Elgoibarrera joaten ez badira ere, beren txaloak mutil finarentzat izango dira.