GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Ikasturtearen hasiera Ipar Euskal Herrian

«Nire umearen eskolako lehenengo eguna, zein gaizki igaro nuen!»

Ikasturte honetan lehen aldiz, ikastetxeko bidea egun berean hartu dute lehen zein bigarren mailako ikasleek. Atzo, ikasturteko lehen eguna izan zela-eta, goizean goiz adin guztietako haurrak nagusitu ziren karriketan, motxilak bizkarrean, ikastetxera zihoazela. Iraila hasiera bakoitzean bezala, ume txikien lehen ikastola eguna izaten da garrantzitsuena.

p019_f01.jpg

Ainize BUTRON

Lehen aldiz, atzo, umeak zein gaztetxoak, hots, adin guztietako ikasleek egun berean hasi zuten ikasturtea Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeetan; gainerako herrialdetan datorren astean hasiko dira. Goizeko bederatziak zirela, lizeoetako gazteak eskolako ateak irekitzea itxaroten zuten denbora berean, umetxo asko hasiak ziren ikastetxeetara sartzen ikasturteko lehen eskola egun horretan.

Horrelakoetan, umetxoen lehenengo eskola eguna izaten da gurasoen oroimenean bizirik geratzen den oroitzapen nagusietariko bat. «A! eskolako lehenengo eguna! Zein gaizki igaro nuen...», esaten dute guraso askok egun hori aipatzerakoan.

8.30tan bertaratzeko eskatu zieten eskola eta ikastola gehienetako gurasoei. Eta, Baionako Oihana ikastolan, beste askotan bezala, irakasleak adierazitako tenoreari eutsi zioten gurasoek umearen lehen eguneko urduritasuna buruan zeukatela.

Horrela, ikastetxeetako ateak gizon, haur eta emaztez gainezka zeuden goizean goizetik. Ikasturtea abian zela, guraso askok uste izaten ahal zuen: «A, azkenean, eskolako gurasoen klanean sartu naiz». Baina, aurpegietan ez zen sentimendu hori nagusitzen, eta, egun horrek familia baten bizitzan daukan garrantzia agerikoa zen, haur askoren laguntzeko gurasoez gain, anai-arrebak ere hurbildu baitziren.

«Epe luzerako»

Lehengusu-lehengusinen deirik ere izango zuen, agian, baten batek, ikasturtea hastekotan den umetxo bati kuraia emateko deia. Urduritasuna nabari zen gehienbat eskolan lehen aldiz hastear ziren haurren inguruan.

Oihana ikastolan mota guztietako guraso eta haurrak bildu ziren. Zenbaitek haurra uzteko zailtasunak agertzen zituzten, eta, beste batzuek, aldiz, lasai egoteko tartetxo bat izango zutelakoan ez zuten egonaldia sobera luzatu nahi izan.

Horrela, klasera iritsi eta kafe sorta prestatua zuten irakasleek guraso berri eta zaharren artean harremanak egiteko. Eta, gehienetan haurrak hurbil zituzten, jantziei lotuak, amaren besoak ezin utziz. Halere, ez zen ume guztientzat era berean gertatu. Eskolan egoteak zer dakarren sobera ulertu ez zutenez jostatzen eta lagunak egiten hasi ziren batzuk berehala. Gurasoek adierazten zuten: «Ez dakit nor dagoen tristeago, ni edo umea», edo, «a, balekite behin oina jarri eta gero beren biziaren zati handi bat bertan igaroko dutela».

Baina, hasierako zorion hori laster bilakatu zen drama handi klasean sartzeko unea iritsi orduko. Eta, trebeenentzat ere, malkoak botatzeko ordua iritsi zen.

Ume askok ezin zituzten gurasoak aldentzen utzi, haurren mundu basatian egoteko gogo gutxi adieraziz bezala. «Aita goazen emeki etxera, nehori erran gabe», entzun genion zurrumurruka bertan zegoen Amaiur izeneko umetxo bati. Goizean goizetik argi utzi zien gurasoei berak ez zuela ikastolara joan nahi.

Beste ordubetez bertan aritu ziren gurasoak, agurrak ezin bukatuz. Abiatu orduko, irakasleek arduratu behar izan zuten guztien negar eta tristurak apaltzeaz. Horrela hasi zen, beraz, ikasturtea Baionako Oihana Ikastolan, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako beste haur-eskola anitzetan ere bai.

Ikastetxe eta lizeoetan ez zen halako sufrimendurik ikusi. «Lehen egunean, gehienbat elkar ezagutzeari ematen diogu lehentasuna, eta programaren alderdi nagusiak azaltzeari», gogorarazi zuten irakasleek. Negarrik agertu ez arren, goibeltasun halako bat, bai sumatzen zela, bi hilabeteko oporraldiak gibelean geratu direla-eta. Bigarren eskola eguna ostegunean dutenez, oporrak beste azken egun batez preziatzeko aukera izango dute, ordea.

Ikasturtearen hasierak urtero izaten du aldarrikapenetarako tarte bat, eta, ohi den bezala, lehen egunean, jadanik mobilizazioak egin zituzten ikastetxeetan. Hazparneko eskola publiko elebiduneko gurasoak izan ziren lehenak: goizetik, frantses irakasle postu erdi bat kendua izan dela-eta, eskolako gelak okupatu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo