GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

NAZIOARTEKO TORNEOA TXILEN

Itxaso Praderak eta Mirentxu Okarizek ezin izan diete argentinarrei irabazi

A.A. | DONOSTIA

Munduko Pilota Kontseiluak Txilen antolatu duen nazioarteko torneoa apurka-apurka badoa aurrera, eta, hiru jardunaldi jokatu ostean, euskaldunek maila polita ematen jarraitzen dute. Eskuz jaun eta jabe direla argi geratzen ari da, nahiz eta palaz arazo gehiago izan.

Lehenengo berri txarra atzo goizaldean jaso genuen. Izan ere, Itxaso Praderak eta Mirentxu Okarizek osatzen duten bikote euskalduna lehiaketatik kanpo gelditu zen Argentinako bikotearen aurka 30 eta 19 galdu ondoren. Ez zuten gaizki jokatu euskaldunek, Okarizek batez ere, baina argentinarrek joko-maila aparta erakutsi zuten gomazko pilotarekin. Egun bat lehenago ere, bikote euskaldunak, orduan Judith Etxarrirekin, Mexikoren aurka galdu zuen.

Beste partidetan euskaldunak nagusi izan dira. Hirugarren jardunaldian, gizonezkoetan, Arriaga-Urionabarrenetxea bikoak 30-17 menderatu zuen Mexiko gomazko pilotarekin eta eskuz binaka euskaldunen arteko derbya Mikel Gonzalezek eta Haritz Irazustabarrenak irabazi zuten, 40-29, Lier Gandiaga eta Jon Ander Esnaolaren kontra.

Bigarren jardunaldian, deigarria izan zen Bixintxo Bilbaok Iker Urzelay venezuelarraren kontra eskuz lortutako garaipena (40-1). Eskuz binaka, Unai eta Inhar Ugartek 40 eta 10 menderatu zuten bikote argentinarra eta larruzko pilotarekin Navarro eta Camara izan ziren 40-17 irabazi zutenak Estatu Batuen kontra. Gordon-Etxeberria, eskuz binaka, eta Inhar Ugarte, banaka, irabazle izan ziren lehen jardunaldiko neurketetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo