GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lau urteko espetxe zigorra bete beharko dute Urbancasa-ko gestoreek, iruzurra egiteagatik

GARA |

Donostian egoitza zuen Urbancasa higiezinen agentziako kudeatzaile diren Angel Maria Crespok eta Maria Victoria Ferrerek lau urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote, «iruzur delitua» egotzi baitiete. Nafarroako Auzitegiak, berriki eman duen ebazpenean, «frogatutzat» jotzen du higiezinen agentzia honek saldu egin zuela Tuterako merindadeko Murchante herrian inoiz eraikia izan ez den etxe bat.

Donostiako bikote bat izan zen kaltetua, izan ere, hasiera-hasieratik 96.000 euro ordaindu zioten agentziari, baina eraiki beharreko etxeari zegokion lursaila agentziaren izenean ere ez zegoela ohartuta, dirua bueltatzeko eskatu zioten Urbancasa-ri. Honek ordea, beste etxe bat saltzeko ahaleginak egin, eta, azkenean 20.000 euro bakarrik itzuli zizkion bikoteari.

Orduan, epaitegietara jo zuen bikote donostiarrak. Hala, agentziako bi kudeatzaileei, lau urteko espetxe zigorraz gain, bikoteari zor dioten zenbatekoa, guztira 76.000 euro, bueltatzeko betebeharra ezarri die epaileak.

Lursailaren jabe ez izateaz gain, Urbancasa-k ez zuen Murchanteko etxearen proiekturik eskatu ere egin, eta, hala ere, diru eskaera handia egin zien erosleei.

Donostian ere aztertzen

Urbancasa higiezin agentziaren aurkako auziko lehen epaia da honakoa. Haatik, Donostiako epaitegian ere auzi hau aztertzen ari dira, bertan 30 bat kaltetuen salaketak dituztela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo