GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Balorazio positiboetarako zirrikituak, batzuen iruzurrak eta gehienen zama

Azalpen ofizialek garrantzia kenduko diete langabeziari buruzko datuei edo irakurketa baikorren bat ere egingo dute. Baina datuek, egoskor, txarrak izaten jarraituko dute. Abuztuan Hego Euskal Herrian izan den langabezia joan den urteko hil berekoa baino ia %11 handiagoa izan da. Estatistikak, ordea, beti uzten dio zirrikituren bat balorazio positiboari, eta Gasteizko Lan Sailak horrixe heldu zion atzo, uztailetik abuztura langabeziak aurten iaz baino hazkunde txikiagoa izan duela esanez. Ez da datu okerra, baina zirrikituak bilatzen hasita, kontuan izan behar da tranparako ere badaudela. Iaz langabeziak 3,7 egin zuen gora uztailetik abuztura bitartean, eta aurten 3,5. Gehitze hori gertatu den testuinguru ekonomiko kezkagarrian, ordea, nekez egin daiteke balorazio positiborik. Izan ere, uztaileko langabezia iazkoa baino handiago izanda, hil batetik bestera emendatzeko tartea txikiagoa da. Nolanahi ere, iazko eta aurtengo langabe kopuruen arteko aldea nabarmena da.

Ohikoa da abuztuan langabeziak gora egitea, batez ere eraikuntzan eta zerbitzuetan. Aurten, gainera, krisiak areagotu egin du joera hori. Hala ere, abuztuan langabeziak gora egitea ohikoa izateak ez du esan nahi saihestezina denik. Aitzitik, enpresa askok kontratuak eten egiten dituzte soldatak eta kotizazioak ez ordaintzearren, krisi garaian eta krisirik ez dagoenean. Hala ere, enpresa horiek, gainera, krisia aitzakia dute kostuak murrizteko kontratuak berritu gabe, langileen behin-behinekotasuna eta, beraz, prekarietatea handiagotuz. Horri iruzurra esaten zaio.

Gobernuetako arduradunek onartu nahi ez zuten krisiak jarraitu egingo du, langabezia beste sektore batzuetara, esate baterako industriara, zabaltzeko arriskua dago, baina beti egongo da egoera okerragoan dagoenik eta konparazioak, komeni den konparazioak, kontu lotsagarri asko estaltzeko balio du. Esate baterako, administrazioen politika ekonomikoak, horiek ere krisian zein oparoaldian, gehien dutenen aldekoak, are mendekoak, direla.

Eta batzuek krisiari etekinak ateratzen dizkioten bitartean, langileek langabezia gero eta handiagoari ez ezik, aspaldiko inflaziorik handienari eta hipoteken garestitze etengabeari ere aurre egin behar diete. Zailtasunei aurre egitea «denon kontua» omen da-eta, eguneroko errealitateak besterik erakusten badu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo