GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Xixilik bermeotar guztiak maiteminduko ditu, jai giroan

Gaur, Xixiliren aurkezpena egin ondoren, jaiei hasiera ofiziala emango dien suziria botako dute. Horrela, joan den ostiralean hasi eta hilaren 16ra arte iraungo duen jai giroan murgilduko dira aurten ere bermeotarrak zein bertaratzen diren guztiak. Ondo pasatzeko gakoa? Oso erraza. Adin guztietakoen gustuak asetzeko moduko egitarau mardula prestatu dute: musika kontzertuz, estropadez, antzerki emanaldiz, pilotaz eta abar luze batez bete dute aurtengo agenda.

GARA |

Elezaharrak dioenez, lamiek arrantzaleak maitemindu, eta Lamiaranpuntako haitzetara erakartzen zituzten eta, beso artean zeuzkatenean, Ogoñora eramaten zituzten, eta han ito.

Gaurkoan, Xixili lamia bermeotar guztiak maitemintzen saiatuko da, baina ez Ogoñon itotzeko, gaur hasi eta hilaren 16ra arte etengabeko parrandan murgiltzeko baizik.

Goizean goizetik ekingo diote Bermeoko bizilagunek jai giroari. Izan ere, untxi-sukalki txapelketan parte hartzeko parada izango dute.

Arratsaldean, beste aukera ugari izango dituzte: harri-zulatzaileen Bizkaiko Binakako Txapelketa, eskolarteko txirrindulari lasterketa, idi probak...

Herriko ospakizunez gozatzerik ez dutenak ere gogoan hartuko dituzte, 21.30ean, errepresaliatuen aldeko brindisean.

Gauean, 21.45ean, aurkeztuko dute Xixili, udaletxean. Ondoreen, 22.00etan, Xabier Legarreta alkatearen pregoia, ikurrinaren jasotzea eta «dunbadea» izango dira.

Asteburu hau igarota, orotariko ekitaldiez betetako aste «gogor» bat izango dute aurrean. Hasteko, bihar, Andra Mari eguna ospatuko dute, atsedenik hartzeko paradarik gabe.

Arratsalde animatua izango dute zain: idi probak, umeen danborrada, eta, Artza frontoian, pilota partida nagusiak izango dira. Bertan, Capellanek eta Galarza VI.ak, Goñi II.aren eta Apeztegiaren aurka jokatuko dute. Ondoren, Titin III.a eta Pascual, Gonzalez eta Barriolaren aurka arituko dira. Su-artifizialen ostean, gauean, alegia, Betagarri taldeak kontzertua emango du.

Arrantzale eguna

Arrantzale egunean, hau da, etzi, arrantzaleak omenduko dituzte goizean. Meza, Bermeoko arrantzaleen aldeko lore eskaintzaren ondoren, eta omenaldia egingo diete Silvestre Bilbao, Geron Ortuzar, Francisco Ruiz eta Ciriaco Gametxo arrantzale nagusiei. Eguerdian, errepresaliatuen alde herri bazkaria izango da, eta hauen senideak omenduko dituzte.

Arratsaldean, musika. Eguerdi eta arratsalde partean makina bat talderen emanaldiek girotuko dituzte Bermeoko kaleak. Gauean, Trikiziok eta FM diskotekak hartuko dute lekukoa.

Etzidamu, Andra Mari hirugarren eguna izango dute eta Santa Eufemia egunera arte, parrandak ez du etenik izango.

ANTZERKIA

Antzerki-zaleek ere, gozatzeko aukera izango dute. Horretarako egunik aproposena asteazkena izango da, «La cama» kale-antzerkia eta Nancho Novo aktorearen emanaldia izango baitira.

gaztetxoak

Egitarau oparoa dago herriko gaztetxoentzat. Besteak beste, bitsaren jaia, ur jaurtiketa, Txan Magoaren emanaldia, jokoak eta tailerrak izango dituzte gazteenek herriko jaietan ederto pasatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo