GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hego-haizeak dakarrena

Gustukoa daukat haizea, erauntsika datorrenean ere. Berdin kolpatzen ditu ibilbidearen alde bateko zein besteko bazterrak, zentroak ere berdin, giza-diferentziak kontuan hartu gabe. Diferentziok aurretikoak dira, klima ekonomikoak lehendik ezarrita, eta horien ondorioz biztanle guztiek ez dute haize-babeserako eskubide bera, eskubideak unibertsalak direla sinistarazi gura badigute ere. Bai, urakanen sasoia hasia da Karibe inguruan. G-koa pasea da dagoeneko, orain H-koa da bidean, eta I-koa eta J-koa ere bidean doaz. Litekeena da laster alfabeto osoa amaitu eta berriro hasi beharra, horren ordenari jarraitzen baitiote izenek. Antzerako bide-orria dute urakanok, berez. Haiti ahularen aldetik abiatzen dira ekonomiaren loterian hangoei tokatu zaien apurra ezerezean utzita, ezer ez duenak duena galtzeko arriskua bera ere ez duela seinale; gaitzerdi! esango luke batek baino gehiagok besaulkitik. A! hori bai, bizia galtzen dute, baina hori baino ez. Tira, Haitiko bazterrak lehen zeuden modu bertsuan utzi ondoren, Cayman uharteetako paradisura ailegatu, paradisu fiskalera, jakina. Han arazorik ez, diruak bankuetan besteko babesa dute kalean hangoek, horiena ez baita ekonomian loteria. Aurrera bola! Paradisua paradisu utzi eta horra, Kubara! Zenbat uralita teilatuz aldatu! Zenbat teilatu hormarik gabe utzi! Zenbat horma etxerik gabe! baina hildakorik ez; bizitza arriskuarekin konpartitzen jakitea zein inportantea den eredugarri. Handik Yucataneko turismo-guneetara. Akabo askorentzat eztei-bidaia! Hauxe haize erauntsia! Kasinotik arin batean ateratzen diren andre batzuk biraoka, urrez zipriztindutako esku biak buruan babes, justu goizean ile-apaindegian ordu batzuk eman eta gero. Turistak atera behar! bertokoak bertan utzita, inor ez baita bere lurrean turista, are gutxiago bere lurrak turistenak badira. Handik Golkoko petrolio-guneetara, dorre xurgatzaileak ederto astinduta energia eta indarra bereiztu beharra erakusteko. Eta azkenean Estatu Batuetako lehorrera, bertoko ibilbide batzuetara behintzat neke-neke eginda heltzen direla, zoritxarrez. Ai! Urakanok diskriminatzeko aukera balute! Bitartean, Mediterraneoan superportu handiagoak beharko dituzte eraiki, hego-haizeak bultzatutako hilotzen kontainerren etorrerak etenik ez duelako. Ura bizitza omen da, bai zera! edan dezatela itsasokoa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo