LE JOURNAL | Irčne Ithursarrry 2008/9/3
Euskararen agoniari uko eginez, herritarrek karrikan Deiadarra jo!
(...) Uda hastapenak mahai gainean ezarri zuen konpondu gabeko euskararen egoeraz ari naiz.
Lau gertakizun nagusik markatu zuten duela hiru hilabete aktualitatea. Lehenik Frantses Akademiak Senatuari Frantziako hizkuntza gutxituak Konstituzio berrian kondutan ez hartzeko gomendioa. (...) Bigarrenik, senatariek hartu erabakia. Hor denak ezpal berekoak direla erran genezake. Hirugarrenik, parlamentuak (hastapen baten ukatu zuelarik) konstituzioaren 75. artikuluan hizkuntza gutxituen aipamena onartu zuelarik. Batzuendako garaipena izan daitekeenari ez diot nik berezko aitzinamendu kutsurik ikusten. Konstituzioan aipamen horrek hizkuntza gutxituen aldeko lege bat ekarriko omen du hemendik laster. Eta nik hor ikusten dut jukutria : gutxienaren gutxiena den Europako Hizkuntza Gutxituen Xarta sinatzea errefusatzen duen Frantziak zer ekarriko dio lege batekin? Adituen arabera, lege horren edukia eta ahalak gaur egun Ipar Euskal Herrian euskaltzaleen urteetako borrokak erreusitu dituen baino maila apalagokoa izanen da, eta ez dio deus berririk ekarriko euskararen egoerari ez lege ez karrikako egoeraren aldetik. (...) Sarkozyk (eta haren klikako den Marc Brissonek) beste hamar urte deus ez kanbiatzeko jukutria atzeman dute. (...)
Laugarrenik, eta gure beldurrari gorputza emateko, hara non agertzen diren inkesta soziolinguistikoaren azken emaitzak. Euskara Ipar Euskal Herrian peko errekarat doala dio azken honek. (...) Hitzerditan ibiltzea baino mintza gaitezen argiki behingoz ! Euskarak, aspirinak bazterturik, egiazko neurriak behar ditu desagertu nahi ez badu. Euskarak ofizialtasuna behar du gaurdanik. Gure hizkuntza desagertu ez bada, euskaltzaleek egunero maila guzietan defendatu dutelako izan da, egunero, eta karrikan deiadar jendetsuak biltzen dituen manifestaldiekin ere. Etsipenetik atera eta esperantzan bizi nahi badugu, mobiliza gaitezen! (...) Karrikan euskararen grina erakusteko tenorea heldu dela uste dut, beste entzunarazi behar dugu Iparraldean!