GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ekintza desberdinez beteta datorkie elorrioarrei Ferixa Nausiko astea

Kaleak kolorez jantzirik eta agenda bete-betea izango dituzte egunotan Elorrioko bizilagunek: kale antzerkia, bertso saioak, esku pilota partidak, eskalada, 45. Idi-proba Txapelketa, 25. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka... Beraz, herriko ume, gazte zein helduek ez dute atsedenik hartzeko aukerarik izango, denentzako antolatu baitituzte ekintza ugari.

p025_f02_199x132.jpg

GARA |

Atzo bota zuten Elorrioko jaiei hasiera eman zien txupinazoa eta arnasa hartzeko aukerarik ere ez izateko moduko egitaraua daukate prest hilaren 17a arteko egun hauei aurre egiteko.

Kale ikuskizun ugari eta herritarrek parte hartzeko ekitaldi asko nabarmentzen dira egitaraua aztertuz gero.

Sarritan entzun ohi da igandeak nagikeriaz beteriko egunak direla eta ezer egiteko gogorik ere ez dela izaten. Hala ere, honakoa ez da ohiko igandea izango Elorrion. Are gehiago, goizean goiz jaikitzeko aproposa da gaurko eguna, 10.00etan irekiko baitute Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren 25. edizioa. Azokara animatzen direnek bertako produktuak ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukera izango dute.

Arratsaldea profesionalen pilota partidetan eman eta gero, bada zer eginik. Iluntzerako hitzordua plazan jarrita dago. Norekin? Bada, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Iratxe Ibarra eta Sebastian Lizaso bertsolariekin; horiek izango baitira Elorrioko bertso-eskolak antolatutako jaialdiko izarrak.

Astelehenak ere ez omen dira asteko egunik onenak, horregatik, asteari aldarte hobez ekiteko, goizetik gauera arte kalean emateko moduko egitarau mardula antolatu dute Elorrion, bihar ospatzekoa den Koadrilen Egunaren harira. Musika eskaintza zabalaz eta umeentzako parkeak izanen dira besteak bestea gozagai, eta koadrilek beren bazkaria eta ohiko jaitsiera eginen dituzte. Horrez gainera, Dario Piera magoak magia eta hipnosia nahastuko dituen emanaldia eskainiko du Aldatzekuan.

Hurrengo bi egunetan, asteartean eta asteazkenean, umeak izango dira nolabaiteko protagonista, haiei zuzenduta baitaude ekintza gehienak. Tartean, Goloka antzerki taldearen Sorginak ikuskizuna, edota Potxin eta Patxin pailazoak, plaza algaraz betetzen ibiliko direnak.

«Elorrixo berria pizten»

Aste bukaera hurbiltzerakoan, ostegunean, Gazte Eguna ospatuko dute, «Elorrixo berri bat piztera goaz» lelopean. Egun hortan zehar, adin guztietako gazteek izango dute beraien lekutxoa programan.

Egun osoan rokodromo bat egongo da Txosnagunean. Eguerdiko hamabietan jubilatuek euren punteria frogatu beharko dute, Aldatzekuan egitekoa den igel-toka lehiaketan.

Arratsalderako, plan ugari. Hasteko, Elorrioko txirrindulari taldeak ginkana egingo du plazan, 17.00etan. Ordubete geroago, bertso-triki poteoa, 19:30ean kalejira, eta 20.00etan, eskalada lehiaketa.

Gauerako, hiru aukera, gustuaren arabera hautatzeko. Batetik, Arriola antzokian, Nancho Novo aktore galiziarrak bere umore motaren erakusgarri den lan berri bat aurkeztuko du, «Sobre flores y cerdos, más ancho que largo» izenburua daramana.

Bestetik, idi-probetan apustuak egitea gustuko duenak 22.00etan dauka hitzordua, probalekuan, bertan ospatuko baita 46. Idi-proba Txapelketa.

Musikazaleek, ostera, gaztetxera jo beharko dute herriko taldeen emanaldiak ikustera.

Asteburua konturatu orduko berriro ere gainera datorkiela, elorrioarrek indarra hartu beharko dute, ekitaldi andana izango baitute zain. Besteak beste, idi-probak, sukalki lehiaketa, mozorro lehiaketa edota errugbi partidekin gozatzeko beta izango dute.

KALE ANTZERKIA

Jaiak kalean gozatzeko direnez, kale antzerki ugariren bidez animatuko dute Elorrio. Goloka, Flip Flap, Katraska edota Potxin eta Patxinen obrak izango dira ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo