GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega Stuttgartko Torneoa

Euskaldunak itxaropen handiekin doaz Alemaniara

Bihar egun guztian zehar lehiatuko dira naziarteko lehiaketan

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko segalariek nazioartean bere maila erakusteko parada izango dute, izan ere, bihar Stuttgarten jokatzekoa den lehiaketan parte hartuko baitute. Handik emaitza onekin itzultzeko itxaropen osoa eraman dute.

Lehia etzi izango da, eguerdi partean hasi eta ilunabarrera bitartean. Euskal ordezkariek, oraindik ez dakite proba guztietan parte hartu ahal izango duten ala ez, baina sega txikian, bai bakarka, bai taldeka parte hartzeko asmoa dute, eta sega libreko lehiaketan ere bai. Nesketan ere arituko dira, baita 17 urtez azpikoetan ere.

Horrelako ekitaldietan, ordea, ez da kirola bakarrik izaten, izan ere, herrialde bakoitzak bere folklorea ere erakusten baitu bertan. Igandean izango dute horretarako tenorea. Hori bai, etzi ere kirola egin beharko dute, aizkora eta trontza erakustaldiak eskaintzekotan baitira.

Nazioarteko eran izango dira probak, Euskal Herritik kanpo jokatzen diren proba guztietan izaten den moduan. Euskaldunek talde indartsua daramate lehiaketa horretara, hain zuzen ere, amaitu berri den Euskal Herriko ligako onenak bertan izango dira: Lizaso eta Gabirondo. Beraiekin batera izango da Altzo. Zaldibiakoak ere Liga lehen postuetan amaitu zuen, eta horretaz gain, nazioartean eskarmenturik gehien duen segalaria izango da. Hauekin batera, Dorronsoro, Pabi Astondoa, Igor Astondoa, Ikutz eta Aldasoro izango dira mutiletan lehian izango diren batzuk, eta nesketan, berriz, Irati Astondoa, Antsa eta Geresta izango dira euskaldunen ordezkariak.

Lan ona

Mielmari Jauregi «Altzo» lehian izango da, baina, horretaz gain, bera izan da euskal taldearen antolatzaile nagusietako bat, aspalditik baitabil nazioartean gainerako herriekin harremanak sendotzen. Bere ustez, itxaropen onak daude: «Baietz uste dut. Mutiletan Ligako onenak etorri dira, eta taldeka proban lan ona egin dezakegula uste dut. Guk ahalik eta probarik gehienetan parte hartzen uzteko eskaria egin dugu, eta ikusiko dugu zertan arituko garen, baina uste dut lan polita egin dezakegula».

Alemaniako segalariez gain, Frantziakoak ere bertan izango dira, eta suitzarren batzuk ere bai. Hortik aurrera, eta lehiaketa pribatua denez, ez dakite zein izango duten aurrean, baina beraiek ahal duten guztia emango dute emaitza onak lortzeko.

Taldea nola osatu den ere argitu zuen Altzok: «Halako bidaiak ez dira errazak izaten, jendeak lana egiten du. Nahi zuenari parte hartzeko aukera ematea erabaki zenez izena eman duten guztiek izango dute hara joan eta han aritzeko aukera», esan du Zaldibiako kirolariak.

Honekin, eta betiko erako lehiaketak jadanik amaituta daudenez, azken orduan beste zerbait antolatzen ez baldin bada, segalariek amaiera emango diote aurtengo denboraldiari, eta nazioartekoan ere honekin bukatuko da, azken unean, norbaitek, beste zerbait antolatzen ez badu, behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo