GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14 Aime Giral

Azkenean heldu da Aviron Baionakoaren denboraldi honetako estreinako porrota

PERPINYA 38

AVIRON 10

J.L. | BAIONA

Heldu da azkenean Avironen denboraldi honetako estreinako porrota. Laugarren jardunaldian heldu da, orain arteko hirurak irabazita baitzegoen talde lapurtarra, baina garbi zegoen lehenago edo geroago iritsiko zela, eta azkenean atzo izan zen.

Norgehiagoka gogorra zeukan talde zuri-urdinak, liga irabazteko faboritoetako baten aurka jokatzen baitzuen neurketa, eta emaitzak argi eta garbi erakusten du partida nolakoa izan zen, Kataluniakoak hobeak izan baitziren.

Perpinya joan den asteburuan Parisen galduta zetorren, eta bazekien atzo ezin zutela hutsik egin, eta azkenean garaipenaz gain, erasoan egindako puntu gehigarria ere batu zuten. Hala arratsalde biribila izan zen beraientzat.

Lehen zatitik ikusi zen etxekoak gehiago zirela. Gogor ekin zioten partidari, erritmo bizia ezarriz, eta zuri-urdinek ezin izan zioten horri jarraitu. Atsedenaldian 18-0 atzetik joan ziren aldageletara.

Bigarren zatian ere gauzak ez ziren asko aldatu, Kataluniakoek nagusi izaten jarraitu baitzuten, eta beste hogei puntu ere batu ahal izan zituzten. Euskaldunek, ostera, hamar besterik ez zituzten egin, eta horrek ez zien balio izan puntu bakar bat ere eskuratzeko.

Avironek orain atzokoa alde batera utzi eta datorren asteburukoari begira jarri beharko du; Stade Montois hartu beharko dute, eta Mont de Marsaneko taldeari irabazi behar diote. Atzo galdu arren, zuri-urdinak sailkapeneko lehenengo postuetan jarraitzeko moduan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo