GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jantokiak kudeatzeko autonomia onar dezan eskatu diote Lakuari

Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi ikastetxetan jantokien kudeaketa gurasoen eta irakasleen esku dago eta Hezkuntza Sailak du sukaldariak jartzeko ardura. Gurasoek salatzen dutenez, Lakuako Gobernuaren presioa jasaten ari dira jantokien kudeaketa enpresen bidez egiteko. Horren adibide, azken egunotan albiste izan den Larrabetzuko kasua.

J.M. |

Larrabetzuko gurasoek asanblada egin zuten atzo, bizi duten egoerari nola aurre egin erabakitzeko. Ikasturtearen bigarren astean oraindik ere ez dute sukaldaririk, eta Lakuako Hezkuntza Sailak ez du ordezkaririk bidaltzeko asmorik azaldu. Baina Larrabetzukoa ez da arazo hori duen eskola bakarra: Gipuzkoako eta Bizkaiko beste zortzi eskola ere bildu dira Lakuaren proposamena -jantokiaren kudeaketa enpresen esku uztea- ez dutelako begi onez ikusten, eta zerbitzu hori orain arte egin duten moduan bertatik antolatu nahi dutelako.

Orain dela zortzi urte adostutako lege baten arabera, ikastetxe publikoetako jantokien zerbitzua «modu zuzenean» kudeatu behar da, hau da, enpresen bidez. Hasiera batean hogeita bost ikastetxe lege horren aurka agertu ziren, baina Hezkuntza Sailari aurre egitearen eragozpenak direla-eta, gehienek onartu egin zuten jantokia enpresen esku uztea. Mallabia, Ondarroa, Altzaga-Erandio, Zestoa, Oñati, Legazpi eta Larrabetzu herrietako eskoletan, ordea, kudeaketa ez aldatzea erabaki zuten, eta horregatik jasan behar izan duten presioa salatu dute. Larrabetzuko eskolatik jakinarazi dutenez, gurasoek eta irakasleek osatutako batzordea arduratzen da jantokiko dietak eta elikagaiak aukeratzeaz hainbat printzipiori lehentasuna emanez, besteak beste, bertako produktuak erabiltzeari. Halaber, jatorduetan elikadura ohitura onuragarriak bultzatzen ere ahalegintzen dira. Zentzu horretan hobetzeko asmoz, aipaturiko zortzi ikastetxeek «egitasmo interesgarriak» abian dituztela adierazi zuten.

Aurtengo ikasturte hasieratik lanpostu finkoa duten bi sukaldariak bajan daude, eta Larrabetzuko gurasoen esanetan, egoera hori baliatzen ari dira presioa egin eta euren eredua «inposatzen» saiatzeko. Beste ikastetxe batzuei ere ez dietela sukaldaririk bidali jakinarazi dute. Hezkuntza Sailarekin bildu dira, eta honek alderdi tekniko bat azaldu die argudio gisa: sindikatuekin sinatutako akordio baten arabera, sukaldariak lanpostuz aldatzea adostu omen zuten eta, beraz, ez omen ditu eskoletara bidaliko orain arte bezala. Sindikatuek, ordea, ukatu egin dute.

Lakuak «kudeaketa zuzena» deritzona egokiagoa dela defendatzen du. Baina gurasoek adierazi dutenez, ez ditu kontuan hartzen euren kudeaketaren abantailak, eta «inposizioa» onartezina dela adierazi dute.

zortzi eskola

Larrabetzuko eskolan ez dute sukaldaririk eta, beraz, jantokiko zerbitzurik ere ez. Gipuzkoako eta Bizkaiko beste zortzi ikastetxe ere antzeko egoeran daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo