GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Indartsu eta gogotsu dator Porrontxo jaien azken txanpa

Jai giroan murgilduta egunak daramatzate, baina Egiako auzotarrek amaiera indartsua eman nahi diete Porrontxo jaiei. Elkartasun Eguna, gaur, ekimenez gainezka dator bai etxeko txikiek, bai helduagoek gozatzeko. Bihar Euskal Jai Eguna izango da, eta ikuskizun eta ekimen ugari izateaz gain, ziur dagoena hauxe da: inor ez dela gosetuta etxeratuko.

p020_f02_148x100.jpg

GARA |

Porrontxoak hasi aurreko gi- roak ekarritako ajeak alboratuta, egiatarrek bete-betean helduko diete Porrontxo jaiei. Ostegunean abiatu ziren jaiak, suziriak eztanda egindakoan, eta atzo haurrentzat egitarau oparoa izan ostean, gaur, Elkartasun Eguna ospatuko dute.

Goizean goiz, zortzietarako, Jatorrenak txarangak alaituko ditu Egiako kaleak. Etxeko txikienentzat iratzargailu lanak ere egin ditzake horrek, 10.00- etarako hitzordua baitute Gladysenea parkean, Amalur taldearekin batera hainbat jolasetan parte hartzeko. Gaurkoan ere ezin dira kexatu neska-mutilak, arratsalderako break-dance tailerra eta Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna baitituzte aukeran.

Gauean helduagoek hartuko dute txanda, eta 21.30ean herri afaria izango da Tejerian. Ondoren, 00.30ean Porrontxo, Porrontxa eta zanpantzarrekin kalejiran ibiltzeko aukera izango dute Plaza Handian aurreskua dantzatu aurretik.

Euskal Jaia igandean

Girorik ez da faltako gauean, Txortains taldea arduratuko da horretaz. Gainera, Tejeriako txosnagunean DJ sesioa izango da Black Things Kolektiboa, Pata, Syr, David Navascues, Putxero eta Jaula DJren eskutik.

Biharkoa Euskal Jai eguna izendatu dute. Inondik ere ez zaie jatekorik faltako egiatarrei, egun osoan zehar urdaila goxatzeko aukera ugari izango baitira. Goiz jarri dute lehen hitzordua, eta 07.00etan, Plaza Handian, jaiki berritan edota oheratzeko presarik ez dutenek oilaskoa jateko aukera izango dute. Eguerdian, berriz, 12.00- etan sagardoa dastatzeko aukera. Horrekin aski ez duenak, Donosti-gain, Ur-zaleak eta Arrano elkarteek antolatutako herri bazkarian izango dute asetzeko modua. Baina gehiago ere bada, sardina-jatea antolatu baitute 19.00etan Plaza Handian. On egin dagiela guztiei!

Janaz eta edanaz gain, bestelako ekitaldiz eta ekimenez ere gainezka dator biharko eguna, izan ere, besteak beste, helduen pilota finalak izango dira hamaiketan, eta ordubete geroago, berriz, bertso saioa Jon Maia, Amaia Agirre, Xabier Silveira eta Amets Arzallusen eskutik.

Arratsaldean, herri-kirolak, Trikizio taldearen erromeria eta Incansables txarangaren doinuak izango dituzte.

Azken traka bihar

Egunari eta jaiei amaiera emateko, koadrilak kalejiran ibiliko dira Porrontxo eta Porrontxarekin auzoan zehar, eta, azkenean, 22.00etan azken traka egingo dute Plaza Berrian, egitarauak zehazten duenez.

Ohikoa denez, jende ugari bertaratuko da Egiara, Porrontxoak sona handiko jaiak direlako, bai donostiarren artean, eta bai inguruko herrietakoen artean. Hala, urtero-urtero makina bat festazalek ezin izaten dio uko egin bertan ibiltzeari.

Egiako jaiak eratzeko ideia 1982an mamitu zenetik, lan handia egin dute auzotarrek, eta urtetik urtera lortzen ari diren emaitzak ikusita, egindako lanak merezi du. Blusa eta koadrilek ez ezik, auzoko elkarteek ere berebiziko ahalegina egiten dute jai hauetan parte hartu eta ekimenak antolatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo