GARA > Idatzia > > Mundua

Kelly ministroaren dimisioak Brownen «garaipena» bigarren mailan utzi du

Alderdi Laboristaren biltzarrean Gordon Brownek eman zuen hitzaldia guztien ahotan zegoen. Bere jardun politikoaren agerpenik onena izan zela nabarmendu zuten atzo hedabideek. «Garaipena», ordea, albo batean gelditu da Ruth Kelly ministroaren dimisioarekin.

GARA |

Azkenaldian kritika ugari jaso ondoren, irudia hobetzeko ahalegin berezia egin zuen Gordon Brown lehen ministro britainiarrak Alderdi Laboristaren biltzarrean. Ameriketako Estatu Batuetan bezala, haren emazteak aurkeztu zuen lehen aldiz. Agerpena erabat arrakastatsua izan zen. «Seriotasuna», «oreka», «berdintasuna» eta «esperientzia» izan ziren bere mintzaldiaren hitz gakoak. «Guztiek dakite ikasteko dudan prestasuna, baina, bizi dugun egoera ez da hasiberrientzat», nabarmendu zuen.

Esaldi horren atzean nor eskutatzen ote den galdetu zuten atzo hedabideek. «Daily Mail»ek, esaterako, honako galdera bota zuen: «Zein David dago `hasiberri' horren atzean?».

Erantzunak bi aukera ematen ditu; David Cameron, batetik, eta David Miliband, bestetik. Lehenak, 42 urte ditu eta Alderdi Kontserbadorearen buru da. Bigarrena, 43 urtekoa, Brownen Gobernuaren Atzerri ministroa da. Aski ezaguna da ere laboristen eta Gobernuaren buruzagitza eskuratu nahi duela.

Manchesterren egin duten biltzarrean, Brownen alde agertu da Miliband, batasun itxura eman nahian. Brownen lidertza zalantzan jarri duten legebiltzarkideek ere alderdiaren barruan hauteskundeak egiteko eskaera atzeratu dute. Eta parte-hartzaileak, sindikatuak barne, pozik gelditu dira.

Gauzak horrela, laboristen burua biltzarretik «garaile» atera dela esan daiteke. Hedabide britainiarrak hala nabarmendu zuten. Baina, arnasa hartzeko atsedenaldiak ez du askorik iraun.

Atzo bertan, Garraiobideen ministroa den Ruth Kellyk kargua utziko duela iragarri zuen. Katoliko sutsua izanda, ez zetorren bat Enbrioien Ugalkortasunaren Legearekin. Dena den, erabakiak Brownekin zerikusirik ez duela argitu nahi izan zuen hasieratik. Lau seme-alabekin egoteko denbora gehiago nahi duela argudiatu zuen.

Gobernuaren berrikuntza

Kargua uzteko asmoa maiatzean ezagutzera eman zuen arren, Gobernua berritu bitartean itxaroteko eskatu zion Brownek. Nahiz eta oraindik datarik ez duen eman, badirudi ministerioen birmoldaketa urriaren 3an iragarriko duela. Alderdi Kontserbadorearen urteko biltzarraren ondoren izango litzateke eta Legebiltzarrak ohiko jarduna hasi aurretik -urriaren 6an bukatuko zaizkie udako oporrak legebiltzarkideei-.

Birmoldaketarekin eraginkortasuna islatu eta iritzi publikoa bereganatu nahi du. Alderdi Laboristaren biltzarretik berrindartuta atera bada ere, kontserbadoreek oraindik 15 eta 28 puntuko aldea ateratzen diote.

eskoziari begira

Datozeen asteetan Alderdi Laboristak garrantzi handiko hitzordua du. Eskoziako barruti batean hauteskunde partzialak egingo dira. Porrot berri batek Manchesterreko «oxigeno baloia» zulatuko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo