Vareseko munduko txapelketa
Iturriaga podiumetik hiru minutura geratu da
GARA | VARESE
Italian izan zuen sukarragatik ahulduta, nahi baino eskasago moldatu zen Eneritz Iturriagaetxebarria Vareseko Munduko Txapelketan, elite mailako emakumeen erlojuaren aurkako proban. Orduz kanpoko sukar horren erruz, Abadiñoko txirrindulariak lehenagotik ere bazekien onenak urruti ikusiko zituela, eta, hala ere, hiru minutura geratu zitzaion podiuma; lehenengo hamabosten artean lekua egitea zen bizkaitarraren asmoa, baina, azkenean, 43 parte-hartzaileetatik hogeita hamabigarren postua lortu zuen.
Txanponaren beste aldea Ameriketako Estatu Batuetako Amber Neben izan zen. Vareseko zirkuitua 33 minutu eta 51 segundotan eginez, urrezko domina bereganatu zuen. Bere atzetik, Austriako Christiane Soeder eta Alemaniako Judith Arndt sailkatu ziren, hurrenez hurren. Beijingeko Olinpiar Jokoetan urrea eskuratu zuen Kristin Armstrong estatubatuarrak, berriz, uste baino lan kaxkarragoa egin, eta bosgarren postuaz konformatu behar izan zuen atzo, irabazlearengandik 25 segundora.
Etzi izango du Eneritz Iturriagaetxabarriak tropeleko onenen artean tokia bilatzeko bigarren aukera, emakumeen iraupen proban, alegia. «Zapaturako hobeto aurkitzea espero dut. Nik badakit errepidean daukadan dena ematen eta lasterketa ona egitea espero dut», adierazi zuen bizkaitarrak.
Cancellararen oinordeko bila
Elite mailako gizonezkoen erlojuaren aurkako proba jokatuko dute gaur eguerdian, 13.00etan. Vareseko aintziraren inguruan 44 kilometroko ibilbidea osatuko dute.
Egun erlojuaren aurka errege den Fabian Cancellararen oinordeko izaten saiatuko dira parte-hartzaileak. Olinpiar Jokoetan urrea lortu ostean, «psikologikoki oso nekatuta» zegoela-eta, Munduko Txapelketari uko egitea erabaki zuen txirrindulari suitzarrak.