GARA > Idatzia > > Kultura

Piarres Larzabalen «Ibañeta» Ander Lipusen berritasunekin

Ibañetan euskaldunek Karlomagnoren tropei nola irabazi zieten kontatzen duen Piarres Larzabalen antzezlana estreinatuko da Larzabalen, urriaren 3an. Ander Lipusen zuzendaritzapean Nafarroa Behereko hemezortzi antzezle amateur izanen dira taula gainean.

Idoia ERASO | BAIONA

Polizia frantsesak Batasunako kideak atxilotzen zituzten bitartean, eta jendarmeak leihotik pasatzen ikusten ziren momentuan «Ibañeta» antzezlana aurrera atera duten pertsonek obraren gaurkotasuna agerian jarri zuten atzo Baionan. «Gaur `Ibañeta' beti aktualitatean da, kanpotik jiten direnak Euskal Herria menderatzeko eta, bestalde, euskaldunon erresistentzia eta horren ondorioak gizarte mailan erakusten dira», adierazi zuen Kristiane Etxaluz antzezleak.

1968an idatzi zuen Piarres Larzabalek «Ibañeta» antzezlana, ETAk heriotza eragin zuen lehen atentatuaren ondoren. «ETAk lehen ekintza odoltsua egin eta gero idatzi zuen Larzabalek talde armatuaren borroka konpreniarazteko» azaldu zuen Kristiane Etxaluzek. Oraingoan izebaren papera egiten duen Etxaluzek, 1969an egin zen lehen antzezpenean, Otxandaren papera egin zuen Piarres Larzabal so zuelarik.

Klasikotzat jo zuen Larzabalen obra «Noiznahi atzematen ahal zaio irakurketa gaurkotua» esan zuen aktoreak. Egungo egoeraren araberako irakurketa ere proposatzen zuen Etxaluzek «Ibañetan irabazi genuen, baina lana idatzi zenetik 40 urte pasa dira eta ez da irabazi». Klasikoaren definizioa indartzeko lanak dituen «kapa ideologikoak» ere nabarmendu zituen Ander Lipus zuzendari artistikoak. «Nabarmenak dira «Ibañetako» pertsonaiek dituzten gogoeta filosofiko eta politikoak» esan zuen Lipusek.

Berritasuna ekarri dio Ander Lipusek «Ibañetari». Apostu estetiko ugari egin dira, esaterako, agertokiaren berezitasuna, ikuslegoaren erdian kokatua. Bestalde aktoreek eskuak lotuak antzezten dute. Baina estetikaren helburua ez da irudian gelditzen, aktoreek erabili ezin ditzaketen eskuen esanahia azaldu zuen Lipusek: «Bizi gara herri batean, non gure adierazpenak moztuak diren, eskuena kodigo bat da, eskurik edo adierazpenik ez dagoela».

Agertokiaren berezitasunak ere ikuslegoaren integrazioa du xede, publikoak, gizarteak bere hitza izan dezan, hitzari protagonista papera eman dio antzezlanean. «Hitza da garrantzitsuena obra honetan, ekintza ez da ikusten, hitzen bitartez azaltzen da. Antzerki dialektikoa da» esan zuen zuzendari artistikoak.

Alde «amateurra»

Ander Lipusek Ipar Euskal Herrian antzerkiarekiko dagoen maitasuna nabarmendu zuen. «Antzerkilari profesionalez gain, badago sentsibilidade eta maitasun berezia, laborari bat ikusi dezakezu antzerkia egiten amateur moduan». Zuzendari artistikoak adierazi zuen «Zirkuitu komertzialean, gaur egun ia ezinezkoa litzateke horrelako antzezlana egitea, 18 pertsona taula gainean jartzea».

Gotonen pertsonaia antzezten duen Beñat Bidegainek antzeko esperientzia duten aktoreen aniztasuna guztiz aberasgarria dela nabarmendu zuen: «Hainbat belaunaldi biltzen dira 20 urtetik 80 urtera dituen jendea ari gara jokatzen eta ofizio oso ezberdinekoak gara; laborariak, irakasleak eta erretreta dutenak ari gara elkarrekin, besteren artean».

Antzezlanaren ekoizlea den Haize Berri elkarteko Maixan Merkapidek amateurrek profesionalekin egindako lana nabarmendu zuen. «Amateurrek profesionalen laguntzarekin azken hauen maila atzeman dezakete, horregatik erabaki genuen biak uztartzea».

«Ibañeta« antzezlanaren estreinaldia datorren astean, urriaren 3an eta 4an, Larzabalen izanen bada ere, beste emanaldi gehiago ere eginen dituzte; 19an Saran eta 24an Anauzen.

Udaberritik aurrera beste emanaldi batzuk egitea espero dute antolatzaileek, horrela lan honek duen «ikuspegi nazionala nabarmendu nahi dugu, Hego Euskal Herrian ere antzezteko».

GAURKOTASUNA

«'Ibañeta' beti aktualitatean da, kanpotik jiten direnak Euskal Herria menderatzeko eta, bestalde, euskaldunon erresistentzia eta horren ondorioak gizarte mailan erakusteko» azaldu zuen Etxaluz aktoreak»

Fitxa

Tokia: Larzabalen, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan.

Data: Urriaren 3an eta 4an.

Ekoizlea: Haize Berri elkartea eta Artedrama.

Sarreraren prezioa:

3 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo