Lan auzitegien bozetan parte hartzeak garrantzi handia du LABentzat
Abenduan lan aferetako auzitegi berezirako ordezkariak hautatuko dira. 2002n, lehen aldiz aurkeztu ostean, kontseilari bat erdietsi zuen LABek. Parte-hartzea areagotzea du erronka. Zuberoako langileek bozkatzeko aukera izan dezaten, Paueko barrutian ere aurkeztuko da.
Arantxa MANTEROLA |
Ipar Euskal Herriko langileek datorren abenduaren 3an dute lan auzietarako Prud'Hommes Kontseilurako ordezkariak hautatzeko hitzordua. Langileen eta ugazaben ordezkaritza parekidea duen egituran ordezkari bat du egun LABek, 2002an lehen aldiz aurkeztu zenean, ia bozen %10 erdietsi ostean.
Honako bozen bidez ordezkaritza hedatzeko asmoarekin, sindikatu abertzalea hauteskundeak prestatzen hasia da eta, lehenik eta behin, langileek bertan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du, «arrunt eskasa izan ohi baita».
Hautes-zerrendak kudeatzeko sistema egokitu denez, honakoan %16 inskribatu gehiago daude. Halere, ezinbestekotzat jo du norberak, bere lantegia dagoen udalerriko herriko etxera joz edo Interneten bidez, egiaztatzea zerrendetan dagoen ala ez.
Ez dagoenak, urriaren 20ra arte dauka erreklamazioa egiteko eta, harago, helegiteak ere tartekatu daitezke. Langabezian daudenei, estatusa aldatu dieten eskola pribatuetako irakasleei eta langile kanpotarrei bereziki zuzendu die LABek deia. Edonola ere, behar diren desmartxak egiten laguntzearren aukera eskainiko diete boz-eskubidea gal ez dezaten. Horren karietara, astelehenetik ostiralera, 14.00etatik 15.00etara, Baionako, Donibane Lohizuneko, Biarritzeko eta Bokaleko ANPE eta Assedic bulegoetan izango da.
Bearnon ere bai
Alta, beste berrikuntzarik ere izango da boz hauetan. Izan ere, epaitegiak antolatzeko egindako erreformaren ondorioz, Oloroekoa desagertu egin da, eta, orain Zuberoako langileek Paueko barrutian bozkatu behar dute.
Bere garaian, Donapaleuko epaitegia mantentzeko eta Nafarroa Behere eta Zuberoako lurraldeetako aferak han biltzeko proposatu zuen LABek, baina inork gutxik egin zion jaramonik. Beraz, orain, langile okzitaniarrekin batera, 2.300 zuberotarrei ere LABeko ordezkaria hautatzeko parada eskaintzea erabaki du sindikatuak.
«Bere mugekin, Prud'Hommes Kontseilua langileen eskubideak bermatzeko beste bitartekoa» dela nabarmenduta, «prekarietatearen salaketa, langileek -bereziki emakumeek eta etorkinek- pairatzen duten diskriminazioa borrokatzea eta gero eta ahulago den zerbitzu publikoaren defentsa» egitea izango dira sindikatuak kanpainan landuko dituen ardatzak.
Bestalde, «Sindikalgintza, harat norat» goiburuarekin, ekimenak prestatzen ari da. Lehena, «68ko maiatza eta gero» izeneko hitzaldia (gaur, 19.00etan), Baionako IUTn Jean-Pierre Duteil eta Gisele Lougarot idazleekin.
Langileen eta ugazaben ordezkaritza parekideez osatuak dira Prud'Hommes lan auzietako Kontseiluak. Baionakoak 50 ordezkari dauzka eta Pauekoak, berriz, 76.