GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Euskal Herria onartu, errespetatu

 

p002_f02.jpg


«Lehenik eta behin, Batasunak bere elkartasun osoa helarazi nahi die, atzo atxilotuak izan diren hamahiru pertsonei eta beren familiei.

Batasuneko bozeramaile nagusiak, militante aktiboak, bere permanenteak atxilotuz, eta lokala miatuz, argi uzten da Batasuna alderdi politikoaren egitura eta beraz berak animatzen duen proiektu politikoa suntsitu izan nahi duela frantses Estatuak.

Hemen ikusten ahal dugu frantses Estatua nola lerrokatzen ari den espainiar Estatuak duen estrategiarekin. Eta hori biziki larria iruditzen zaigu.

Frantses Estatua Batasuna desagerrarazteko lanetan ari da, baina argi eta garbi utzi nahi diogu, Batasuna hor dela, aurrera eginen duela eta bere lan politikoa jarraituko duela.

Frantses Estatuak, Batasunaren kontra eramaten duen errepresio hau, momentu politiko zehatz batean kokatzen dugu. Azken aste eta hilabeteetan, Batasunak frankotan deklaratu du, fase politiko berri baten irekitzerat goazela Ipar Euskal Herrian ere.

Kontuan hartuz azken urteetan, Frantses Estatuak, Ipar Euskal Herriari begira eramaten duen ukapen eta asimilazio estrategia, gehienbat sasi tresna batzuk martxan ezarriz, Batasunak iniziatiba hartu zuen: eskumen zabalak lituzkeen koadro instituzional baten inguruko eztabaida karrikan eta mahai gainean ezartzea.

2007ko urtarrilean, Batasunak publiko egin zuen autonomia proposamena Ipar Euskal Herriarentzat. Gure ikuspuntutik, koadro instituzional horrek, permititzen du gure lurraldea onartua izatea, eta espazio honetan demokrazia garatzea.

Autonomia batek dituen eskumen zabalei esker, gaur egun Ipar Euskal Herriak hainbat sailetan ezagutzen dituen beherakaden aitzinean, tendentziak aldatzeko parada ematen du. Eta argi utzi nahi dugu gainera, guretzat, autonomia dela, Ipar Euskal Herriaren biziarazteko, tresna minimoa.

Batasunak lan ildo hori aitzina eramango du, ahalik eta elkarlan gehien bultzatuz eta segituko du aldarrikatzen, Sarkozy eta Alliot Marie-ri: Euskal Herria existitzen da: onartu, errespetatu!

Gaur egun, Batasunak Ipar Euskal Herriari buruz egiten duen diagnostikoarekin, joano eta gehiago eragile sozial, ekonomiko eta politiko ados dira. Anitzek diote -Fillon-, Frantses Estatuak proposatzen dituen sasi tresnek ez dutela asimilazioa eta ukapena baizik handitzen eta hemengo jendea haserre dagoela.

Eta justuki, hau da momentuan frantses Estatuaren tripako mina: berak proposatutako ukapena eta asimilazioaren aitzinean, herri bat mugitzea eta antolatzea beste eskema politiko bat proposatuz. Nahiz gaur egun Batasuna duen begi bistan, Batasuna delakoz proposamen eta dinamika iturri azkar bat, Estatu frantsesak herri hau du desagerrarazi nahi.

Gaur egun Batasunaren buruzagitza atxilotuz, Estatu frantsesak espero du, ziklo politiko berria animatzen ariko den motore nagusia geldiaraztea. Jakin dezatela, herri dinamika oztopatzeko saiakera hori, ez dugula onartuko!

Baina funtsean, zertaz beldur da frantziar Estatua? Autonomia proposamen batez? Laborantza Ganbera alternatibo batez? Nazio elkartasunari esker sortzen diren proiektu sozioekonomikoez?

Funtsean, hemen, argi uzten da, Estatu frantsesa hola sartuz Batasunaren kontra, operazio politiko bat eramaten ari dela eta ez operazio judizial bat.

Operazio politiko bat gertatu zen atzo eta ez justizian oinarritua, Alliot Mariek dioen bezala.

Ez da oraindik Estatu frantsesa, alderdi politiko baten ilegalizazio urrats zuzenetan sartua, baina saihesbide batzuk hartuz, helburu hori xerkatzen du. Hor ditugu Batasuneko militanteen kontuen blokatzeak, euroaginduekin egiten duen kolaborazio lana, elkarte batzuen auzitan ezartzea, dozenaka militanteen kriminalizatzea...

Estatu frantsesak erakusten duen mespretxu, ukazio eta asimilazio saiakeren aitzinean, guk iparrorratza argi ukan behar dugu: Euskal Herriaren onarpena eta errespetua lortu arte, borrokatzen segituko dugu, eta hori sektore guzietan eta elkarlanean.

BATASUNA

2008ko irailaren 25

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo