GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Apustua

«Atzetik ditudan jarraitzale horiengatik egiten dut hau guztia»

p039_f01.jpg

 
Aimar IRIGOIEN | Harri-jasotzailea
 
Aimar Irigoienen lehen apustua izango da, baina dirua bere alde aterako da. Bihar eguerdian neurtuko da Tolosan Izeta II.aren aurka, eta 20.000 euro izango ditu jokoan. 137,5 kiloko harria erabiliko du hamar minutuko hiru txandatan.

Zer moduz zaude apustuaren atarian?

Ongi, gustura nago, uste dut gauzak ongi egin ditugula, eta jadanik apustua jokatzeko ordua heltzeko gogoz nago.

Zure lehen apustua da, eta era honetako lan luzea ere zuretzat lehenengoa izango da. Zerk ematen dizu kezkarik gehien?

Lanak, dudarik gabe. Apustua lehen aldiz jokatzen dut, baina plazako giro horrek ez dit kezkarik ematen. Niri berdin dit 3.000 edo 6.000 lagun joan. Lana, ordea, beste gauza bat da. Hamar minutuko hiru txanda dira, eta beldurrik ematen ez badit ere, errespetu handia sortarazten dit.

Apustu honek piztu duen ikusminak ere gauza ederra izan behar du ezta?

Bai, dudarik gabe, apustu hau ikusteko jendea irrikaz ikusten da, eta nik uste dut guretzat oso polita izango dela plazara ateratakoan jendetza ikustea, baina orokorrean kirol honentzat ere honelako ekitaldiak beharrezkoak eta oso onak direla agerian geratu da.

Asko sufritu al duzu apustu hau prestatzeko garaian?

Beldurgarri. Ni ez nengoen iraupeneko proba hauek egitera ohituta. Nik orain arte egin ditudan lanetarako, beste prestakuntza bat behar zen, eta honetarako, berriz, oso ezberdina izan da. Oso gogorra egin zait, baina uste dut azkenean lan ona egin dudala, eta gustura nago.

Herri kirol munduan ohizkoa ez den jarraitzaile pila duzu zuk atzetik. Horrek poza eta babesa, biak eman behar dizkizu ezta?

Bai dudarik gabe. Azken batean hau guztia horiengatik egin dut, eta espero dut igandean inor ez triste geratzea. Nik ahalegin guztia egingo dut ahalik eta lanik onena egiteko.

Beti esan izan da apustuan txapelketan baino presio handiagoa izaten dela. Zuk nabaritu al duzu horrelakorik azken egun hauetan?

Bai dudarik gabe, asko nabaritzen da. Apustuak ez dauka txapelketarekin zerikusirik. Honek gainera sekulako mugimendua sortu du, egunero ari zarete komunikabidetan ateratzen, jendeak ere asko hitz egiten du honi buruz, nahigabe ere asko sumatzen da apustua hor dagoela.

Bien helburua irabaztea izango da, baina bietako batek galdu beharko du halabeharrez. Baina oso garbi daukazue gertatzen dena gertatu, lan ona egin nahi duzuela ezta?

Bai, dudarik gabe. Biok joango gara irabaztera, baina zuk aipatu bezala, biok ezin izango dugu irabazi, baina biok saiatuko gara lan handia egiten. Jende asko izango da gure apustu hau ikusten, eta uste dut merezi dutela saio ona egitea.

Dirua zure alde aterako da. Horrek kezkarik edo presiorik ematen dizu?

Ez ez, azkenean jendeak berak ikusi behar du zeinen alde jokatu dirua, eta horrek ez dit kezkarik ematen.

Gertatzen dena gertatu, zuk garbi daukazu aurrera egingo duzula, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Azken batean apustu hau gogorra da, lan luzea da, eta nahikoa da saioan zehar ondoez txiki bat sortzea, dena hankaz gora jartzeko, eta guk horrekin aritu behar dugu. Nik horrekin ez daukat zalantzarik, irabazi edo galdu, nik lanean berdin jarraituko dut. Jon LEUNDA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo