Top 14
Biarritzek iazko mamu guztiak baztertu behar ditu
Baionan itxaropenez gainezka daude, eta beren taldea ikusteko erabat beteko dute Jean Dauguer zelaia. Zuri-urdinek Toulon taldea hartuko dute.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Biarritzek eta Avironek gaur izango dituzte euren norgehiagokak. Zuri-gorriek etxetik at jokatu beharko dute, eta zuri-urdinak, aldiz, Jean Dauguer zelaian arituko dira.
Lehena jokatzen Biarritz izango da, eta 14.30etik aitzina Clermonten zelaian jokatuko du. Zuri-gorriek liga hasiera ona egin zuten, baina pasa den ostiralean Akizen, mailari eusteko borrokan ibiliko den talde baten zelaian galdu egin zuten, eta emandako itxura ere ez zen oso ona izan.
Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina iazko mamu guztiak agertu ziren. Hala ere, orain artekoak iazkoarekin zer ikusi gutxi dauka, askoz ere itxura hobea ematen ari baita. Hala ere, komenigarria litzateke gaur punturen batekin etxeratzea.
Zuri-gorriek honako hamabosteko hau zelairatuko dute: Barcella, Rafault, Moala, Thion, Couzinet, Land, Cronje, Harinordoki, Courrent, Peyrelongue, Gobelet, Massi, Cabannes, Bidabe eta Thierry. Hori egiaztatzen baldin bada, aulkian hauek geratuko dira: August, Hughes, Damiani, Roidot, Trainer, Traille, Bolakoro eta Coetzee.
Avironek, aldiz, etxean, Jean Dauguer zelaian jokatuko du 20.30etik aitzinera Toulon taldearen aurka. Zuri-urdinak denboraldi hasiera paregabea egin dute. Etxean jokatutako neurketa guztiak irabazi egin dituzte, eta sailkapeneko lehen postuan jarri dira. Denboraldi aurrean partida bikainak egin zituzten eta zaleek sekulako itxaropenak egin zituzten. Orain arte ikusitakoarekin, asko dira aurten finalerdiak jokatuko dituztela amesten dutenak ere, baina hau luzea da eta denboraldia hasi besterik ez da egin.
Avironek ez du hamabostekoa ezagutzera eman, zalantza batzuk daudelako, eta bajak ere bai. Bolavucu, esaterako, ez dagoelako jokatzeko moduan. Baja hori, gainera garrantzitsua izango da euskaldunentzat, Fidjiko jokalaria onenetakoa izaten ari baitzen orain arte. Deialdia, honako hauek osatzen dute: Igiñiz, Fiarini, Blake, Avril, Hegi, Roumieu, Springgay, Linde, Tewhata, Massabeau, Deen, Bernard, Baget, Howard, Edmonds, Maillard, Lacroix, Gower, Peyras, Elhorga eta Gerber.
Ohorezko Maila
Ohorezko Mailan, gipuzkoarren derbia jokatuko da 14.30ean hasita, Trevijanon. Ampo Ordizia eta Pegamo Bera Bera neurtuko dira. Bientzat izango da norgehiagoka zaila, baina hasiera honetan ordiziarrei joko hobea ikusi zaie.
Getxok, berriz, bihar jokatuko du 12.30etik aurrera Faduran, eta Cajasol Ciencias hartuko du. Norgehiagoka hori ere ez da batere samurra izango.