GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Daniel Burmanek umeak etxetik joatean bikotea nola aldatzen den aztertu du

Kim Ki-duken «Bi mong» eta Daniel Burmanen «El nido vacío» dira Urrezko Maskorra lortzeko aurkeztutako azken lanak, amodiozko istorioak biak, bata maitemindutako neska-mutil batzuena eta bertzea umeak etxetik joatean bizimodu berria hasi behar duen bikote batena.

p046_f01_097x156.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Txoriak habiako babesetik mundura hegan egitea bizilegea da. Baina nahiz eta egun hori iritsiko dela jakin, gurasoentzat zaila izan daiteke berriz ere seme-alabarik gabeko etxera ohitzea, bikote harremanaren arrakalak agertzen direlako agian. Hori da «El nido vacío»-ren haria.

Daniel Burmanen pelikulako protagonista Leonardo idazle arrakastatsua da. Gizona deseroso sentitzen da konpromiso sozialetan eta inguruan gertatzen ari diren aldaketen beldur da. Hortaz, bere barrenera bildu eta irudimenari bide ematen dio. Martha emazteak desberdin egiten dio aurre egoerari: unibertsitatera itzultzen da ikastera eta denbora pasatzeko eta burua entretenitzeko ekintza berriak egiten ditu.

Buenos Aireseko zinegileak umore puntuarekin kontatzen du bikotearen bizimodua. Izan ere, prentsaurrekoan aitortu zuenez, gero eta gustukoagoa baitu gai serio eta mingarrietara komediaren bidez hurbiltzea. Musikal zatiak ere tartekatzen ditu. «Gauzak adierazteko moduak dira. Filmean ikuskizuneko une batzuk ere behar dira. Horrek zerikusia du gramatikarekin», azaldu zuen horri buruz. Musikalek erakarri egiten dute: idazten ari denean, gero eta gehiago erabiltzen ditu musikaletatik hurbil dauden irudiak.

Errealitatea «mugitzea»

Kontakizunaren une batzuetan zalantza sor dakioke publikoari: zer da benetakoa eta zer ametsa? Zuzendariak erran zuenez, «errealitatea pixka bat mugitzea» interesatzen zitzaion. «Egunerokotasunean gauza bera egiten dugu, ez aspertzeko, hobeki pasatzeko, beste ikuspegi batetik begiratzeko. Esate baterako, dentistarenean zain zaudenean, ondoan duzun pertsonaren bizitza irudikatzen entretenitu zaitezke», adierazi zuen. Errealitatea hainbeste mugituta leku hori gure bizitzaren parte izaten hasten dela ohartarazi zuen.

Leonardoren pertsonaiaren bidez, artista izatea zer den eta zer ez den pentsarazten dio filmak ikusleari. Zuzendariak kritikatu zuenez, batzuetan badirudi artista, artista dela eta kito. Beraz, egiten duen edozein gauza artea da. Eta alderantziz izan beharko luke: obrak eman beharko lioke balioa artistari.

Daniel Burmanek esperientzia luzea du zineman: «Historias breves», «Un crisantemo estalla en Cincoesquinas», «Esperando al Mesías» eta «Siete días en el Once» lanak egin ditu, bertze anitzen artean, eta hainbat sari jasotakoa da. Gainera, Argentinako Zinearen eta Ikus-entzunezko Arteen Akademia Nazionalaren sortzaileetakoa eta presidenteordea da. «Ideia enbrioirik» ote duen galdetuta, «ideiaren heriotzaren hipotesia» ere aztertzen duela erantzun zuen. Zer kontaturik ez duenean zinema utziko omen du. Baina oraindik baditu ideiak urte batzuetarako.

Bere belaunaldiarekin zerikusi gehiago duen kontu batekin lanean ari dela azaldu zuen 1973an jaiotako produktoreak. Gatazkak gertatzen dira: nortasunaren bilaketa sakonagoa da, denboraren joanaz hausnartzen da, dekadentziaz... Dena den, ez dituela istorioak belaunaldi kontuak balira bezala kontatzen argitu zuen.

Prentsa agerraldian izan ziren aktoreek, Arturo Goetzek, Ines Efronek eta Cecilia Rothek zuzendariaren lana goraipatu zuten. «Hagitz dibertigarria, obsesiboa, langilea eta zorrotza da», definitu zuen Rothek. Efron gazteak adierazi zuen sentitu egin zuela Burmanek filmean zer kontatu nahi zuen. Hagitz garrantzitsua deritzo horri.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo