«Golgota» Gizakiaren ankerkeria bere biluztasunean
1936ko udan hasi eta XX. mende amaiera arte luzatzen den istorio lazgarria idatzi du Xabier Montoia musikari eta idazleak (Gasteiz, 1955). «Golgota»n Felisa da protagonista; hainbat urtetako gerraren biktima, moja sartuko da, hil zioten Elena ahizparen lekua hartuz, errukia eta barkamea ezagutuko dituelakoan, baina maitasunaren ordez, bazterkeria bihozgabea jasango du berriz ere.
Xabier MONTOIA
Iraganik ez, dena presente. Horra oroimenaren lege zorrotza. Joan den mendeko gau hura eta gaurko hauxe, gau bera. Orduan hasitakoa hirurogeita hamar urtez luzatu da, sekula heldu ez eta sekula helduko ez zaion egunsentiaren zain. Etenik gabeko, ilargirik gabeko gau mardul, berunezkoa. Ia bizitza oso bat. Luzea, iluna, saihestezina. Amets gaiztoz betea.
Euria ari zuen, ongi gogoan du Felisak. Afaltzen hastekotan zeuden. Euriaren hotsak isilduko zuen autoena. Atean jo zuten. Gogor, behin eta berriz. Fusilaren ipurdiaz jo, berehala zabaltzen ez bazieten atea bota eginen zutela mehatxuka. Zatitzen ari zen ogia eta labana mahai gainean utzi eta lasai egoteko eskatu zien aitak, irekitzera joan aurretik. Amak eskuan zeukan burruntzalia baztertu eta alabak bildu zituen bere inguruan. Oldarrean sartu ziren, garrasika. Zerbait esaten saiatu zen aita. Ezin. Saihetsetan hartu zuen lehen kolpea. Lurrera erori zen. Hots sor bat entzun zen, hezur hautsi batenaren antzekoa. Lurrean zetzanaren emazte eta alaben ahoetatik intziri bat irten zen. Alabek aitarengana egin nahi izan zuten. Amak eragotzi zien. Bere kontra estutu zituen. Aise eutsi ahal izan zien alaba gazteenei. Zaharrenari ez. Amaren eskutik askatu, fusildunei familia bakean uzteko arrenka eskatzen zien aitarenganaino heldu, hari atxiki, eta gizon armatuen eta aitaren gorputz minduaren artean berea jarri nahi izan zuen. Horma bat izanen zen alabarik zaharrena, aita babestuko zuen horma sendoa. Ostikoka erauzten saiatu ziren jadanik odoletan zegoen aitarengandik. Behin eta berriz ostikatu zuten, harik eta talde-buru bibote meheduna nekatu eta bere gizonei lehenbailehen bereiz zitzatela agindu zien arte. Talde-burua baino urte gutxi batzuk gazteagoak ziren haren gizonak, eta Gorriaren alaba zaharrena baino zaharxeagoak. Beso banatatik hartu eta aise altxatu zuten. Isilarazten ahalegindu ziren. Neskak hozka egin zion bati eskuan. Puta halakoa. Zaplazteko bakar bat aski, neska sukaldeko zokoraino bidaltzeko. Alaba jipoituari hurbiltzera egin zuen amak. Erreguak berritu zituen aitak. Eraman hemendik behingoan, erabaki zuen talde-buruak. Lehentxeago alaba altxatu zuten beso berberek jaso zuten aita ere. Horretan ari zirelarik, ez zuten ikusi nola menderatua uste zuten neskak ahal bezala zutitu eta aitaren gerria besoez inguratu zuen. Ze kristo zabiltzate, haserretu zitzaien talde-burua. Jauna, mesedez, eskatu zion Gorriak inoiz baino ozenago eta etsituago. Mesedez! Beste muturreko bat jo zion talde-buruak. Nazka eginda naukazue, jarraitu zuen larruzko bota luze eta distiratsuak jantzitakoak. Aitarengandik bereizi nahi ez badu, hor konpon. Eraman biak.
Oroimenak dena bustitzen du, ez du atertzen. Hezur-muinetaraino bustitzen du, azken zokoraino. Felisak amari begiratzen zion. Eskuaren dardarizoan antzematen zitzaion larridura. Alaba gazteena besarkatu zuen, bigarrena ondoren. Felisa eta Margarita. Utzi zizkiotenak babestu nahi zituen, senarrarekin batera eraman berri ziotenaren izena errepikatzeari utzi ezinik. Lau silaba ziren, sukaldeko paretak astintzen zituzten lau danbateko: Es-pe-ran-za! Deiadarka jarraitu zuen amak. Hoska ari zitzaion ahotsa entzunen zuen alabarik zaharrenak, Lizarrarako bidean galdu arte behintzat. Deia itzuliko zion Esperanzak, euri-tanta bakoitza malko masailetan behera. Autoen ate hotsa eta motorren marranta aditu zituen amak, alaba zaharrenaren ahotsa aditu ordez. Hori hasieran, laster euria baino ez. Tanta loditan ari zuen, goian behean, Jainko haserrekor batek bidalitako zigorra, uholde handia. Ito dadila mundua, garrasi egiten du Felisak oraindik ere bere artean, hogeita hamaseiko Abuztuko Ama Birjinaren eguneko iluntzea oroitzen duen aldiro. Gauero, hain zuzen. Baldin eta orduan hasi eta oraindik bukatu ez dena hainbat zati, atal edo gau txikiagotan banatzerik balego. Zakurrak zaunkaka ari ziren.
Zaunkaka ari ziren zakurrak, arrisku handi baten hurbilaz gaztigatzen. Beranduegi. Autoak Lizarrarako bidean aienatu zirenean aditu zituzten, eztarria urratzearen alferraz ohartutakoan. Negar hipaka ari zirela, ozta aditu zituzten adausiak ama-alabek. Etsipenaren zotina entzun zuten ozenen. Euria, zaunkak eta gainerako hotsak deus gutxi ziren oinazearen burrunbaren aldean. Gainerako guztiari nagusitzen zitzaion. Handik urte askotara ulertuko zuen Felisak erabat zakurrek adierazitakoaren latza. Gogoan du bizkarrezurra astindu zion hotzikara. Izutu egin zen. Orduko ikara dorpea berritzen zaio oraindik. (Neskato beldurti bat ikus dezake ama eta ahizparen alboan). Hirurak ahalegintzen ziren hitz egiten, baina malko eta aieneetan itotzen zitzaizkien hitzak. Hain gisa petralean eraman zizkietenen izenak errepikatzeari lotuak ziren, egun berriaren argiak ezin menderatuko zuen iluntasun baten gatibu.
Mahaira eserita zeuden, ustekabeko bisitariak sekula azaldu ez eta aitaren zain baleude bezala. Han zeuden haren aulkia eta ogia mozteko erabili ohi zuen labana. Esperanzaren aulkia ere bertan zegoen, hutsik, gertatutakoaren oroigarri. Eta buztinezko eltzea, aspalditik kerik ez zeriola. Baratxuri zopa hotzaren gainaldean koipeak sortutako isletan begirada, edozein gezur lasaigarriren ezina ulertu zuten. Mutu, artean ari zuen euriaren hotsari gor, beren buruari galdetu zioten zergatik ez zituzten beraiek ere eraman. Zergatik haiek eta ez neroni, aditu zuen hiruretako bakoitzak malkoen osteko isiltasun pisuan, erantzuna handik ordu batzuetara jasoko zutela susmatu gabe. Bitartean gaua zuten, inoizko luzeena. Patrikan kate batez loturik aitak gordetzen zuen ordularia etxeko bakarra izan, eta ezin jakin zenbat ordu eman zuten hala. Gorpurik gabeko gaubeila izan zen Gorriaren emazte-alabena, kandela bakar batez argitua. Kareztatutako paretan gora luzatzen eta okertzen ziren hiru itzal, otoitz adigaitz bat osatuz, beldurraren Jainkoari zuzendua. Arima izoztu zien isiltasuna izan zuten erantzun. Jainko guztien antzera, hura ere errukigabea. Begiak itxi eta aita eta ahizpa zaharra ikusten ahal zituen Felisak, etxerako bidean. Eskutik lotuta zetozen, alai itxuraz. Makaldiaren albotik zetozen eta ateri zen. Argi ikus zitzakeen, eguzkiak gaua sartaldeko zokora egotzia zuelako seinale. Urrutitik hots egiten zien, eta haiek besoa altxatu eta agurtu egiten zuten. Amari eta Margaritari esan nahi zien, baina kandelako garraren arabera mugitzen ziren lehenagoko itzalekin egin zuen topo, begiak ostera zabaldutakoan. Pamerialek han jarraitzen zuten, euria bezain isil eta urduri. Zakurren antzera, euriak ere zerbait aditzera eman nahi ziola iruditu zitzaion Felisa txikiari. Jadanik alferrikakoa zen zerbait. Horregatik itxi zituen berriz begiak. Makaldia atzean utzita, maldan gora zetozen Esperanza eta aita etxerantz. Esku bana astintzen zuten berari begira. Eta Felisak gauza bera egiten zuen. Hemen gara zioten eskuek, hemen gara.
Amaren eskuek jaso eta ohera eraman zuten. Felisa lastaira gainean utzi eta egin ezan lo pixka bat esan zion beste alabarengana itzuli aurretik. Beharko dinagu eta.
Izenburua: `«Golgota».
Egilea: Xabier Montoia. Gasteizen jaioa 1955ean, idazlea eta musikaria (Hertzainak taldearen sortzailea eta M-ak bandako partaidea, lau disko atera ditu bakarka). Literaturan ipuin bildumak, nobelak eta poema liburuak argitara eman ditu,. 2007an Euskadi saria lortu zuen «Euskal hiria sutan» nobelarekin.
Argitaletxea: Elkar. Literatura 279 bilduma.
Orrialdeak: 232.
Salneurria: 18 euro.
Argitaratze- data: Iraila. Aurkezpena, urriak 2.