GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Berdinketa bada, aurrena lanean aritutakoa garaile

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Dena prest dago gaur eguerdian, 12.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan jokatuko den apusturako. Bertan Aimar Irigoien eta Izeta II.a neurtuko dira. 137,5 kiloko harri kubikoa erabiliko dute, eta alde bakoitzak 20.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Ikusmina ikaragarria da, eta jendetza handia espero da gaur Tolosan. Zaleek, ordea badituzte zalantza batzuk eta horietako bat berdinketa izaten den kasuan zer gertatuko den jakitea da.

Oraingo arautegiaren arabera, berdinketaren kasuan, pisu gutxien duen kirolariak irabazten du, baina gaurko apustuan era klasikoan egingo da, hau da, berdinduz gero lanean aurretik aritzen denak irabaziko du.

Izan ere, diru asko ari da mugitzen. Honelako ikusminak pizten dituzten apustuek horrelakoak sortzen dituzte, eta jendeak dirua jokatzen duenean dena jakin nahi du, zalantzarik ez du izan nahi. Dirua, oraingoz, Aimarren alde dago, eta aldearekin gainera. Orain arteko apustuez gain, gaur goizean ere diru dezente jokatuko den errezeloa dago.

Apustuak Irigoienen alde daude, eta egunak aurrera joan ahala, aldea gehitu egin da, baina GARAk harri-jasotzaile beterano batzuekin hitz egin ahal izan du eta haiek ez dute iritzi hori. Bat baino gehiago Izetaren alde azaldu da. Beren ustez, Aimarrek oraindik ez du apusturik egin, ez eta honelako lanik ere, eta Izetak, berriz, bat baino gehiago. Horixe da aiarraren alde egoteko arrazoia.

Kontuak kontu, apustua ez du erabakitzen, ez diruaren joerak, ez eta inoren iritziak ere, eta seguruenik, norgehiagoka bikaina izango da gaur eguerdian Tolosako zezen-plazan, asko eta asko izango baitira xentimo bat ere jokatuko ez dutenak, eta bi kirolari handiren lanarekin gozatzera joango direnak. Auzia, 12.00etan hasiko da, eta ordu eta erdian erabakiko da zeinentzat izango den garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo