Europako Txapelketak
Biarritzek eta Avironek ez dute huts egiteko tarterik
J.L. | DONOSTIA
Biarritzek eta Avironek huts egin dute asteburu honetan abiatu diren Europako lehiaketetan, baina beraien aurkari zuzenek ez dute horrelakorik egin, eta euskaldunei bidea okertu egin zaie. Heineken Kopan, Gloucester eta Biarritz ziren multzoko faboritoak, baina euskaldunek galdu ostean, orain Cardiffi ere begiratu egin behar.
Galeseko taldeak Italian jokatu zen Calvisanoren zelaian, eta 20-56 irabazi ostean sailkapeneko buru jarri da. Zuri-gorriek bigarren jardunaldia larunbatean jokatuko dute, 18.00etatik aurrera Agilera estadioan, eta Calvisano hartuko dute.
Aviron Baionakoak ere kale egin zuen. Hauek European Challenge ari dira jokatzen, eta multzoko faboritoak, Sarecensek, astindu ederra eman zion Stade Montoisi 53-3 irabazita. Avironek lehen partidan hanka sartze handia egin zuen, eta hori konpontzen hasteko aukera ostiralean izango du, Mont de Marsanen arituko baita Stade Montoisen aurka, 19.00etatik aurrera.