GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Le Vertek Garzoni emandako hitza bete eta Goieaskoetxea atxilotu du

Polizia frantsesak Zigor Goieaskoetxea atxilotu zuen atzo Biarritzen. Joan den ostegunean, Goiorekin batera egindako agerraldian bere «militantziari eutsiko» ziola adierazi zuen. Bi militanteek ez bezala, Le Vert epaileak men egin dio Garzonen eskaerari eta atxilotzeko agindu zuen irailaren 24ko operazioan bertan. Alta, orduan Goieaskoetxea ez zuten etxean aurkitu. Jarduera politikoa oztopatzea «onartezina» dela salatuz, elkartasun handia jaso dute Batasuneko kideek.

p013_eh_199x116.jpg

A. MANTEROLA |

«Arriskuak arrisku beren militantziari eutsiko» zietela adieraziz Baionan egindako agerralditik lau egun besterik igaro ez zirela, Polizia frantsesak Zigor Goieaskoetxea Batasuneko kidea atxilotu zuen atzo goizeko 11.45 aldera, Biarritzen, etxetik irten zelarik. Bere senideei jakinarazi zietenez, Laurence Le Vert epaileak eman zuen Goieaskoetxea atxilotzeko agindua eta Baionako polizia-etxean legoke. Hara eraman aitzin, bere autoa miatu zuten poliziek.

Irailaren 24an, Marie-Therese Houyvet-ekin batera epaile berak gidatutako operazioaren harira, militantearen etxera joan zen Polizia, baina ez zuen bertan aurkitu. Gauza bera gertatu zen Jon Goioren atea jo zutenean ere. Biek ala biek joan den astean adierazi zuten, Michele Alliot-Marie eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroek egun berean egin behar zuten bileraren jakitun zirela eta «susmoa hartuta-edo» beren etxean ez geratzea deliberatu zutela, antzeko topaketen harira askotan gertatu ohi den bezala, ez zutelako «inoren oparitxo» bilakatu nahi.

Madrilera, ez

Udalbiltzaren kontrako sumarioan auzipetua den Xarlo Etxezaharretarekin batera, bi militanteok publikoki errana zuten hilabete lehenago, ez zirela Auzitegi Nazionalera joango Garzon epaileak eskatu bezala. Apirilean, Madrilgo epailearen eskakizuna jarraiki, Le Verten aginduz Batasuneko hainbat kide eta beren senitartekoei -Goio eta Goieaskoetxea barne- kontuak blokeatu zizkieten, EHAKren finantziazioarekin zerikusia zutelakoan.

Geroztik, hamaika mobilizazio eta protesta eginak dituzte, baita banketxeen aurrean ere, baina gauzak bere horretan zirauten, Goieaskoetxea eta Goio Madrilgo Auzitegi Nazionalera deitu zituzten arte.

Militante abertzaleei sostengua helarazi diete alde askotatik. Besteak beste, LDH (Ligue des Droits Humains), ATTAC, Berdeak eta FSU sindikatuak eta Biarritzeko Gau Eskolak eta Ikastolako gurasoek elkartasun agiriak kaleratu zituzten. CDDHPB, Anai-Artea, Kubako Etxea, EHZ, Gatuzain, Segi, Ideia Zabaldu, Autonomia Eraiki, Herriarekin, LAB, Sud-Santé, Solidaires, AB, Batasuna, EA eta LCR alderdi eta mugimenduek eta 40 hautetsik agiri bat izenpetuz, «demokrazia batean edozein mugimendu kultural, politiko edota sozialak beren lekua ukan behar» dutela berretsi zuten. Bi militanteen aurkako prozedura «onartezina» dela gaineratu zuten, «oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen» dituztelako.

Halaber, «horrelako prozeduretan ez sartzeko» eta, «bereziki militante politikoen aurkako euroaginduak ez onartzeko» eskatzen zioten Parisi agirian.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo