GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Charles Yang Bilbon

«Haurrek hizkuntza bat ikasten dute gainerako aukera guztiak desikasiz»

Zerk bereizten gaitu animaliengandik? Komunitate baten barruan bizitzeko gaitasunak? Sexuaz gozatzeko iaiotasunak? Ez! Hizkuntza erabiltzeko gaitasunak ematen digu animalien gaineko nagusitasuna». Mintzaldia hasi orduko bereganatu zituen Charles Yangek Guggenheimera bertaratu zirenak.

p022_f01_097x152.jpg

Ruben PASCUAL

Ikerbasque Foroa V. biltzarra ospatzen ari da egunotan eta horren baitan hainbat hitzaldi antolatu dituzte askotariko gaien ingurukoak: fisika, kimika, matematika... Ekitaldi hauen guztien helburuen artean, nazioarteko ikertzaileen artean jakintza trukatzea da.

Ostegunean letren eta hitzen txanda izan zen, hizkuntzarena alegia. Charles Yang izan zen hizlaria. Linguistika eta informatika eskolak ematen ditu Pensilvaniako Unibertsitatean, eta Yaleko Unibertsitatean ere aritu da irakasle Yang. Hitzaldia, berak idatzitako «The infinite gift» («Mugarik gabeko dohaina) izenburuko liburuan oinarrituta dago.

Yangek adierazi zuenez, liburu hori idazteko oso hurbileko inspirazioa baliatu zuen: etxekoa, hain zuzen. Izan ere, bere semearen aurrerapenak aztertu zituen liburua idazteko.

Ikusmin handia eragin zuen Yangen bisitak Bizkaiko hiriburuan eta jende ugari erakarri zuen, mukuru bete baitzen Guggenheim museoko entzungela. Yangek ez zuen hutsik egin eta bere teoria linguistikoa azaltzeko oso modu hurbila eta sinesgarria erabili zuen. Etengabeak izan ziren euskarari egin zizkion keinuak, eta une askotan aipatu zuen gure hizkuntza besteekiko konparaketak egiteko edota bere azalpenen osagarri gisa.

Lengoaien zenbait alderdi haurrak jaio aurretik ikasten dituela esanez ekin zion Yangek mintzaldiari.

Bere ustez, haurrak amaren sabelean daudenetik dira hizkuntzak bereizteko gai. Kontsonanteak eta bokalak antzemateko gaitasunik ez daukaten arren (umetokian dagoen likido amniotikoa dela-eta ezin dute ondo entzun), hizkuntza bakoitzari dagozkion erritmo eta intonazioak barneratzen dituztela argitu zuen irakasle estatubatuarrak.

Gainera, aditzera eman zuenaren arabera, haurrak jaio eta berehala hizkuntzen ikasketari ekiteko gai dira. Are gehiago, «entzule unibertsalak» dira eta, hortaz, helduek bereiztu ez ditzaketen soinuak antzeman ditzakete. Ahalmen horrek hamar hilabete iraun ditzakeela zehaztu zuen. Hortik aurrera, bere esanetan, hizkuntza batean «espezializatzen» da eta gainerakoak desberdintzeko gaitasun horrek okerrera egiten du apurka-apurka, guztiz galtzen den arte. Beraz, bizitzaren lehendabiziko egun eta hilabeteetan, haurrek gaitasun izugarria omen dute hizkuntzak ikasteko, ia mugarik ez duena.

Akatsak aztergai

Yangek azaldu zuenez, haurrek ez dituzte hizkuntzak bat-batean ikasten, eta akatsik egingo ez balute, ezinezkoa izango litzateke aurrerapenen inguruko azterketa bat burutzea. Irakasle honen ustez, hutsegite horiek aztertu ondoren ikusten da akats horiek beste hizkuntza batzuetan gramatikalki perfektuak direla, nahiz eta haurrak lengoaia horrekin inolako harremanik izan ez, beste kontinente edo garai batean erabili izan direlako.

Une horretan esku hartzen du Yangen teoriaren oinarriak: gramatika bat ikasteko, posible diren gainerako guztiak «desikasi» behar direla, alegia. Hortaz, hutsegite horiek ama-hizkuntzaz beste gramatikarako joera izango litzateke. Horregatik esan zuen haurrak hasiera-hasieratik dutela hizkuntza asko ikasteko gaitasuna. Azaldu zuenez, oso zaila da kopuru bat ematea, baina gaitasun hori «izugarria» izan daitekeela ziurtatu zuen. Indiako eta Txinako ume batzuek oso desberdinak diren hamar hizkuntza jakiteko gai direla argitu zuen.

Haurrek hizkuntza bat barnera dezaten gakoa hizkuntza horrekin harremanak ahalik eta azkarren ezartzea dela adierazi zuen. Horretarako, haurraren aurrean hizkuntzak ahalik eta modu naturalenean erabili behar direla baieztatu zuen.

Euskarari buruz aritu zen ondoren. «Isolatua» dela esan zuen, ez baitu Europako beste hizkuntzekiko antzik. Hala ere, esan zuen, aztertuz gero antzekotasunak aurki daitezkeela euskararen zati txikien eta beste hizkuntza batzuen artean. «Zuen arbasoek pieza horiek bildu eta hizkuntza berreraiki balute bezala».

Azkenik, hizkuntzak bizirauteko, jendartearen eta kulturaren paperaz mintzatu zen, hauek ezinbesteko baitira hizkuntzak desagertu ez daitezen. «Hau ondo dakizue hemen», esan zuen euskarari erreferentzia eginez. Hizkuntza bizirik mantentzea denon lana dela azpimarratu zuen Yangek.

Txalo zaparrada batek eman zion amaiera hitzaldiari. Konbentzitu zuen seinale.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo