GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Bolada txarra

Taldearen lana du oinarri Lilloren baikortasunak

Zuri-urdinen entrenatzaileak Castellonen aurkako partida irabazi eta horrela bolada berri eta hobe bati hasiera ematea espero du.

p039_f01_111x111.jpg

GARA | DONOSTIA

Azken hilabeteetako boladarik txarrena bizitzen ari da Reala. Bost aste pasa dira azken garaipena lortu zuenetik eta horrek ezkortasuna ekarri du taldearen ingurura. Juanma Lillok, ordea, baikortasunari eusten dio. Jokalariek astean zehar egiten duten lanean eta taldeak hainbat partidatan eman duen irudian oinarrituta, entrenatzaileak baikortasunez begiratzen dio etorkizunari.

«Egunero ikusten ditut, zorte hori daukat, elkarrekin bizi gara. Eta horrek gauzek aurrerantzean hobera egingo dutela pentsatzera bultzatzen nau», adierazi zuen Lillok.

Entrenatzaileak, hala ere, aldaketa hori lehen baino lehen heltzea espero duela aitortu zuen. Bere ustez, hurrengo asteetan nahiko argi gera baitaiteke talde bakoitzaren borroka zein izango den, aurten nabari den berdintasunak aurreikuspen horiek kutsa baditzake ere. «Hamargarren edo hamabigarren jardunaldirako nahiko garbi geratzen da zein norabide hartuko duen etorkizunak, bai goitik, bai behetik. Eta, normalean, ez da erraza izaten joera horri buelta ematea. Aurten, ordea, ez dut hain argi ikusten -esan zuen-. Jardunaldi horien ostean egoera ezin hobean egotea espero dut, baina ez dakit oraingoan hain argigarria izango den. Aurreko urteetan bazeuden nabarmendutako taldeak, baina aurten dena oso-oso berdinduta dago».

Tolosarrak, hala ere, hurrengo asteotan aurreko postuetara itzultzea espero du. «Eta ez da nahikoa, honekin gure kaltetan aritzen banaiz ere, puntutan desabantaila txikia izatearekin -hirukoa besterik ez dute egun zuri-urdinek-, orain gertatzen den bezala, talde asko erdian egon baitaitezke. Eta argi dago asteburu batean zortzi talde horiek ez dutela galduko. Garrantzitsua da, beraz, desabantaila murriztea, baina taldeak gainditzea ere bai; baita azkenean garrantzi handia izan dezakeen gol aldea sendotzea ere», adierazi zuen. Eta gorakada hori Castellonen aurkako partidan hastea espero du. «Ea irabazi eta bolada berri bati hasiera ematen diogun», adierazi zuen.

Emaitzak eta jokoa

Lillok espero duen aldaketa, hala ere, emaitzei dagokiena da batez ere. Eta horrela azpimarratu nahi izan zuen atzo, entrenatzailearen ustez, taldeak zenbakiek islatzen dutena baino joko hobea egin baitu, oro har, azken asteotan.

«Emaitzek dena ezkutatzen dute», gogorarazi zuen. «Gironan, adibidez... Ea topatzen duzuen bigarren mailan, guk berrogei minututan izandako nagusitasuna erakusteko gai den beste talde bat. Baina zure atean hutsa ikusten duzunean, defentsa ondo ari dela uste duzu, eta etsaiaren hutsa ikusten duzunean, berriz, aurrekoak gaizki ibili direla. Baina gauzak ez dira horrela», azpimarratu zuen, nahiko haserretuta, bere ustez, «batzuek errealitatea beren interesetara egokitzen baitute eta ez dakit, beraz, zertarako galdetzen didaten neure balorazioa zein den».

ZALANTZAK

Juanma Lillok ez daki oraindik Sergio Rodriguez jokatzeko prest egongo den. Entrenatzaileak ez zuen iragarri bi aurrelarirekin edo bakarrarekin jokatuko duen bihar.

Aurkaria

Castellonen bertuteak goraipatu zituen entrenatzaileak, batez ere zelai-erditik gora dituen jokalari arriskutsuak. «Oso talde ona iruditzen zait», esan zuen Lillok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo