Ikasleek hitzordua dute 22an, «borrokak hezitako iraultza haziak» direla aldarrikatzeko
Duela hogei urte, Iruñeko Txantrea auzoan, Euskal Herriko ikasle mugimenduak bitarteko berri bati bide eman zion. Ikasle Abertzaleak sortu zen, eta bi hamarkada hauetan egindako ibilbidea ospatzeko ordua da.
GARA |
Ikasle Abertzaleak antolakundeak 20 urte bete ditu aurten. Bi hamarkada luze Iruñeko Txantrea auzoko hitzordutik abiatuta, euskal ikasleria bere eskubideen alde borrokatzeko antolatu zenetik. Hala, urtemuga ospatzeko lanean gogor aritu dira azken hilabeteotan ikasle abertzaleak. Lan honen fruitua, besteren artean, heldu den azaroaren 22an Erandion ospatuko den Ikasle Eguna izango da. Bertan egun osoko egitarau zabala eskainiko die ikasle mugimenduak bertaratzen diren guztiei.
Hasteko, goizean Euskal Ikasleon Topaketak egingo dira, eta egunean zehar haurrentzako gunea ere izango da. Herri bazkaria, bertso saioa, musika maratoia ere badira ekitaldien artean eta, arratsalde partean, manifestazioa eta ekitaldi nagusia egingo dute. Gauean, berriz, musikarik onenaz gozatzeko parada izango da, Soziedad Alkoholika, Anger, Obrint Pas, Amaiur eta Piperrak taldeekin, eta Aritz Sound System eta DJ Bull-ekin.
Ordura arte, edonola ere, ikasleak ez dira geldirik egongo, duela bi aste, Oreretan, Ikasle Egun txikien dinamika hasi baitzuten, eta hainbat herritan izango dira datozen egunetan.
Horren guztiaren berri eman zuten atzo, Bilbon, IAko eledunek eta kide ohi hainbatek. «Borrokak hezi gaituela diogu hogei urteotako borrokak egin gaituelako egun garena», adierazi zuten agerraldian. «Sortu ginen garaian OTAN, Golkoko gerra eta intsumisioa izan ziren gure borroketako batzuk, eta denborak aurrera egin ahala euskal ikasleen problematika finduz joan gara gure eskubideen aldeko olatu oso bat martxan jartzeraino», jarraitu zuten.
Horrela, azken urteetan ikastetxe eta fakultateetan piztutako eta garatutako borroken errepasoa egin zuten, eta, besteren artean, aipatu zituzten «autoritarismoaren aurkako borroka, euskalduntzearen aldekoa, jai egun arrotzen aurka burututako ekimen ugariak, ikasleon indarra batzeko ahaleginak, greba eskubidearen aldekoa, testu liburu arrotzen aurkako lana, hezkuntza sistema propioa aldarrikatzea, eskola eta fakultateetan poliziaren presentzia gaitzestea eta hezkuntza sistema parekide baten aldeko borroka». Hots, belaunaldiz belaunaldi «Euskal Eskola Nazionala eraikitzen» jardun dutela esan zuten.
«Ikasi eta aurrera begira»
«Iraultza haziak» direla ere aldarrikatu nahi dute ikasle abertzaleek. «Egindako bideaz ikasi eta aurrera begira hezkuntza irauli eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko prestutasun osoa» baitute. «Bizi dugun egoera latza izan arren, euskal ikasleon indarrak ez du mugarik, eta sobera gaitasun dugu euskal ikasleon kolektiboa gorpuzten jarraitu eta herri honek, ikasleria honek, merezi duen eskola eraikitzeko».
«Egindako bideaz ikasteko», IAko kideek bideo-erreportaje bat kaleratu dute. Bertan antolakunde honen historiaren erakusle diren hainbat kideri egindako elkarrizketak agertzen dira. Besteak beste, Joseba Garmendia, Ainhoa Etxaide, Igor Arroio, Alex Marañon, Miren Zabaleta, Egoitza Albisu, Ainara Rodriguez, Gorka Zozaia, Unai Txurruka eta Ainhoa Mendibil elkarrizketatu dituzte. Horietako batzuk atzo Bilbon egindako agerraldian egon ziren.
«Hogei urte hauetako borrokaren atzean milaka euskal ikasleren izenak» daudela nabarmendu zuten, eta guztiei eskerrak eta zorionak eman zizkieten urte hauetan «borrokan tinko jarraitzeagatik».