GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Portugaleteko makina bat eragilek bat eginik Euskara Plana eskatu diote Udalari

O. L. |

Ikastetxe, institutu, aisialdi talde eta herri mugimendu ugari batu dira Portugaleten euskararen alde. Atzo, Udalera jo zuten «herriak beharrezkoa duen» Euskara Plana eskatzeko.

Joan den udaberrian hasi ziren lanean, eta orotara 32 eragile dira Euskara Planaren aldarrikapenarekin bat egin dutenak. Atzo, Udalera bertaratu ziren eragileotako ordezkariak eta erregistroan alkateari zuzendutako gutuna sartu zuten. Idatzian, bilera bat egiteko eskaera egiten diote PSEko alkateari eta beste hiru eskari zehatz: aurrekontuak zehazteko orduan euskararentzat diru partida bat onartzea; Euskara Plana garatzeko batzorde bat osatzea eta euskara teknikari bat izendatzea.

Horiexek dira atzo egindako eskaerak, Portugaleteko Udalak euskararen aldeko lanik egiten ez duela salatzearekin batera. Bizkaiko herri horretako biztanleen %15 euskalduna izan arren euskara normalizatzeko planik ez egotea ere gogor kritikatu zuten. Are gehiago, datuak aintzat hartuz, Portugaleteri A2 eredua egokitzen zaiola adierazi zuten eta, hortaz, euskarazko ekitaldiei, euskara ikasi nahi dutenei eta euskarazko komunikabideei diru-laguntzak eman behar zaizkiela gogorarazi zioten Udalari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo