ABF Ligako seigarren jardunaldia
Egoera desberdinak, baina irabazteko gogo bera
Gaur jokatuko dute hiru euskal taldeek. Itxakok eta Akabak goiko postuetan jarraitzea dute helburu. Zuazok, berriz, garaipena behar-beharrezkoa du.
GARA | GASTEIZ
Emakumeen Superliga, selekzioen konpromisoak bete ostean, berriro ere martxan izango da gaurtik aurrera. Itxako, Akaba eta Zuazo leku desberdinetan dira sailkapen nagusian, baina denek ere irabazi beharra dute dauzkaten helburuak lortu ahal izateko.
Hasteko, Itxakok pauso sendoarekin jarraitu nahi du lehendabiziko postua ziurtatzeko. Horretarako, ordea, Gran Monovar Ecociudad M. taldea gainditu beharko du gaur arratsaldeko seietan. Lizarrako neskak dira faborito, eta ez da gutxiagorako. Alacanteko taldeak 2 puntu dauzka oraingoz eta sailkapeneko 12. postuan daude.
Baina Ambros Martin, taldeko prestatzaileak ez du gehiegizko konfiantzarik nahi. «Ez dugu begiratu behar aurkaria sailkapenean zein postutan dagoen. Beraiek presiorik gabe aterako dira, eta zuhurtasunez jokatu beharko dugu», ohartarazi du Lanzaroteko entrenatzaileak. Gainera, taldeko 5 jokalari Espainiako selekzioarekin aritu dira Holandan jokatu den Sei Nazioen Torneoan, eta horrek eragin txarra izan dezakeela uste du Martinek. «Hainbeste jokalari kanpoan izanda, ezin izan dugu behar bezalako entrenamendurik egin», esan du.
Bestalde, 19.00etan, Akaba Bera Berak, B.M Parc Sagunt talde indartsuaren aurka neurtu beharko ditu indarrak. Reyes Carrere Akabako entrenatzaileak, lan gogorra egin du, eta azken bi asteak bere talde ohia gainditzeko taktikak hobetzeko erabili ditu. Izan ere, valentziarrek behin bakarrik galdu dute aurten; eta hori Itxakoren aurrean izan zen, gol bakarraren aldeagatik. Bi taldeen artean puntu bakarra dago; eta badirudi, Akaba eta Parc Sagunt denboraldi bukaerara arte egongo direla aurreko postuak eskuratzeko lehian.
Zuazo puntu bila
Azkenik, Zuazo Barakaldok, Alconbendas taldea hartuko du. Bost jardunaldien ostean, bizkaitarrek ezin izan dute puntu bakar bat ere lortu. Horrenbestez, gaurko partida irabaztea oso garrantzitsua izanen da ligako erritmoa ez galtzeko.
Juan Carlos Solar-en neskek, azken partidetan joko hobea erakutsi badute ere, ezin izan dute oraindik punturik urratu. Aurrean egongo den talde madrildarrak, aldiz, hiru puntu besterik ez ditu. Hori dela-eta, irabazteak bi taldeen arteko aldea asko murriztuko luke. Gainera, gaurkoan emaitza on bat lortzea putzutik ateratzen hasteko lehen pausoa izan liteke talde bizkaitarrarentzat.