GARA > Idatzia > > Kultura

Nerabeak «Zer da ba, maitasuna?» galdezka, Meabek idatzi eta Probenzak marraztutako liburuan

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren liburu berritzaileak nerabeen, mutil zein nesken, ikuspuntutik erantzun nahi dio «Zer da ba, maitasuna?» galderari, Concetta Probenzaren marrazki bikainak lagun.

p050_f01_097x096.jpg

A. BILBAO | BILBO

Hamaika erantzun dituen galdera bakarrak eman dio izena Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak idatzi eta Concetta Probenza marrazkilari urretxuarrak atzo aurkeztu zuten liburuari. Gazte (adinez eta arimaz) literaturan kokatua, «Zer da ba, maitasuna?» (Elkar, 2008) proposamen berezia dugu, harrigarria oso.

Batetik, Berezi izeneko neskato ameslari eta poeta du protagonista, Mister Xz maitemindua dagoena. Bestetik, liburuari buelta emanez gero, Mister X bera dugu pertsonaia nagusia, Berezi gustuko duen mutiko alai eta urduria, musikaria dena. Nerabeen arteko maitasuna beraz, bi generoen ikuspegitik prosaz zein olerkiz emana; liburuan poesiak ere tartea baitu. Lana biribiltzeko, gainera, Concetta Probenzak han-hemenka irudimen handiko marrazkiak paratuz aberastu du liburua.

Ezin azaldu, maitasuna da...

Barnean poema liburua gordetzen duen nobela dugu, beraz, «Zer da ba, maitasuna?». Nobela bikoitza, bi ikuspuntu ezberdin gordetzen dituelako, eta idazkerak ere ikuspuntu horietako protagonistei, beraien izaera eta kezkei erantzuten dielako.

Testuak erreferentzia artistiko ugari ditu, literatura, pintura edo musika arlokoak, neskari amonak eta mutilari irakasleek emanak, batak zein besteak, mundua begiratzeko tresna gisa, sortzaile sena dute-eta.

Orain bi urte inguru ekin zion Meabek liburuak biltzen dituen poemak idazteari, eta gaztetxoengan maitasun grinak hartzen duen pisua erabili du baliabide gisa, bera ere erromantiko eta sentibera delako, oso. Gainera, amodioari, inguruan izan ohi dituen desira, zalantza, jelosia eta beste ere ageri zaizkio liburuan, jirabiraka.

Marrazkiek sekulako lorpena egin dute testuekin batera, eta ez datoz azken hauek osatzera bakar-bakarrik. Concettak askatasun osoa izan du diseinua lantzeko, eta Meaberen testuak bisualak direla aprobetxatuz, nerabeen egunerokotik hartu ditu lana burutzeko baliabide estetikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo