GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gaurko egiazko «sozialistak»

Franco jenerala, txit jenerala, jeneralegia, hilzorian zegoen nonbait, edo beharbada hil berri, 1975 hartan Eibarren PSOEren mitin batean alderdi hartako idazkari nagusi Felipe Gonzalezek hitz egin zuenean. «Euskadi ez da libre izango sozialista izanda baino», esan zuen, «Cambio 16» astekarian irakurri nuenez, eta segituan hainbat gazte «erradikal» haren kontra oihuka hasi omen ziren, Gonzalezi espainolista deituz. Nik ere askatasuna eta sozialismoa aldarrikatzen nuela pentsatu nuen eta, hortaz, aliatu indartsu bat genuela, horregatik ez nuen argi ikusten gazte haien protesten arrazoia.

Trantsizio espainola delakoaren hasieran, berrogei urtez apolitikoak izan ziren politikariek mitinetan eta beren propagandan esaten zuten sozialistak boterera iritsiz gero herritarrei ondasunak kenduko zizkietela. Eta herritar askok kalean, dendetan eta tabernetan, esaten zuten ez zietela sozialistei botorik emango, beren ondasunak ez galtzeko. Francoren erregimena gogorra izan zela, baina sozialistak -errusiarrak eta, alegia- okerragoak. Eta galtzeko ondasunik ez zeukaten haietako gehienek 1982ra arte frankistei eman zieten botoa.

Urte hartan iritsi zuten sozialistek Gobernua, eta ez zioten inori ondasunik bat ere kendu, ezta ondasun gehienak zituztenei ere. Aberastasunen banaketan ere ez zuten urrats ñimiño bat bera ere egin. Egia esan, askoz lehenago esana zeukaten merkatu-ekonomia sistemarik onena dela. Zertan zen, beraz, sozialismo moderno hura, gaur egun Madrilgo Gobernuan den berbera? Berandu gabe jakin genuen: ZEN Plana, industria birmoldaketa basatiak, GAL, monarkia sostengatzea... sozialismoaren edozein interpretaziorekin bat zetorrenik ez zen inon ageri, ez arlo sozioekonomikoan ez politikoan.

Egunotan AEBetako hauteskunde kanpainan errepublikarrek Obama sozialista dela esan dute, baina ez inori ondasunak kendu nahi dizkiola, aberastasunak birbanatu nahi dituela baizik. McCainek Europako buruzagi sozialistak Obamaren miresle gisa aipatu zituen. Eta horretan ez dabil oso oker, hura eta Biden bezain sozialistak dira-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo